AKTUALITATEA


| 2021-06-05 13:17:00

Nafarroako Koordinazio Taldea aukeratzeko barne bozketak amaituta, EH Bilduko militantziak babes zabala eman dio Miren Zabaleta Telleriak, EH Bilduren bigarren kongresuan hautatu berri den Nafarroako arduradun politikoak, zuzendutako hautagaitzari. Hala, bilkideen %94,49ko babesarekin, Unai Lako Goñi, Politika Instituzionaleko arduraduna, Lola Eslava Serrano, Udal Politiken arduraduna, Haritz Romeo Galdeano, Antolakuntza arduraduna eta, Maddi Lasa Garcia, Komunikazio arduraduna, izango dira Zabaletarekin batera lurralde zuzendaritza berrian. Ezezko botoak %1,27 izan dira, eta boto zuriak jasotako botoen %4,24 izan dira. Aukeraketa honekin, EH Bildu Nafarroa aurrera doa Mahai Politikoaren osaketan, datozen lau urteetako jardun politikoak eta estrategikoak zehaztuko dituena. Barne-estatutuen arabera, mahai horretako partaile izango dira lurraldeko arduradun politikoarekin eta Koordinazio Taldearekin batera (Instituzio, Udal Politika, Antolakuntza eta Komunikazio arloetako arduradunek osatua), Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak eta EH Bildu osatzen duten alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bana (Nafarroaren kasuan, Sortu eta Eusko Alkartasuna). Prozesua ekainaren 12an amaituko da, 11:00etan Berriozarko Musika Eskolan egingo den ekitaldi politiko batekin.