AKTUALITATEA


| 2023-10-31 12:35:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak “positibotzat” jo du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak gaur iragarri duen gastu muga handitzea. Balioa eman dio ”aurreko bi legegintzaldien hedatze-bideari eusteari” eta, horregatik, espero du “politika publikoak indartzeak funtsezko helburua izaten jarraitzea”.

Hala ere, diru-bilketari dagokionez, EH Bilduren esanetan, “argi dago ekarpen handiena egiten duten zergak BEZa eta PFEZa direla oraindik ere, diru-bilketa osoaren ehuneko txiki bat izaten jarraitzen duten beste zerga-figura batzuk dauden bitartean, hala nola sozietateen gaineko zerga”. “Foru Gobernuak proposatuko dituen neurri fiskalak zehaztasunez ezagutzeko zain gaude, horiek aztertu eta fiskalitate bidezkoagoa eta progresiboagoa lortzeko proposamenak egin ahal izateko”, azpimarratu du. “Lanaren errentetan nagusiki oinarrituko ez den eta gure zerbitzu publikoak indartzeko balio duen fiskalitatea, alegia”, azpimarratu du.

Era berean, alderdi subiranistak ohartarazi duenez, “kontuan hartu beharko da gastu-muga zenbateraino zabaltzen den Europako funtsengatik eta inflazioak zer eragin izanen duen aurrekontuetan, bai diru-bilketan, bai Gobernuaren gastu-politiketan”.

Halaber, EH Bilduk “zuhurtzia” agertu du “gastuak departamentuka izanen duen banaketari” dagokionez. “Departamentu bakoitzaren lehentasunak benetan zein diren ikusi beharko da”, adierazi du.

Ildo horretatik, EH Bilduren ustez, gastu-sabaiaren iragarpena “aurrekontuak osatzeko lehen urrats bat besterik ez da, eta oraindik bide luzea dago egiteko”. “Ezinbestekoa da datorren urterako aurrekontu berriek Nafarroako herritarren egungo beharrei, bai eta geroz eta handiagoa den desberdintasun sozialari eta zaintza sistemaren egitura-arazoei ere eraginkortasunez erantzutea”.

Hala, alderdi politikoak “bere prestasuna” erakutsi du Nafarroako Gobernuarekin negoziatzeko, eta nabarmendu du “oraindik indarrean dagoen aurrekontu-akordioaren betetze-maila izanen dela, zalantzarik gabe, aurrekontuen negoziazio berri balizko baterako abiapuntua”.