Lezo

HERRITARREN BEHARREI ERANTZUTEKO HAMAIKA PROPOSAMEN EZBERDIN LUZATU DITUGU

| 2020-05-11 15:49:00

Egoera honi modurik egokienean erantzuteko, guztiok batera, lankidetzan aritu behar dugula esan dugu hasera-haseratik.

Bizi dugun larrialdi egoeran ezinbestekoa dugu, herritarren osasuna, zaintza eta bizi baldintzak erdigunean jartzea.

 

COVID-19 birusaren eraginez bizi dugun larrialdi egoera honi modurik egokienean erantzuteko, guztiok batera, lankidetzan aritu behar dugula esan dugu hasera-haseratik.

 

Larrialdi egoera honek ez digu herritar guztioi berdin eragiten, lehendik ere egoera zaurgarrian zeuden herritarrak modu bortitzagoan ari dira sufritzen egoera hau guztia. Horregatik, ezinbestekoa dugu, herritarren osasuna, zaintza eta bizi baldintzak erdigunean jartzea.

 

Oinarri hauek kontuan izanik, herritarren beharrei erantzuteko hamaika proposamen ezberdin luzatu dizkiogu gobernu taldeari.

 

Gobernu taldearen partetik ordea, eginiko proposamenen inguruan ia ez dugu erantzunik jaso, tamalez.

 

Lezoko EH Bildun argi dugu, aurrerantzean ere, bide honetatik jarraitu behar dugula: herritarren zaintza, osasuna eta bizi baldintzak erdigunean jarriz. Horrek du, eta izan behar du, lehentasun osoa.

 

 

 

FFP2 MOTAKO MUSUKOAK BANA DITZALA UDALAK.

| 2020-04-29 22:20:00
  • Udalak FFP2 motako musukoak, maskarak bana ditzala osasun-arrisku taldean dauden eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritar guztien artean.

 

Azken egun hauetan konfinamenduaren arintzeari buruz hitz egiten ari direla entzuten dugu. Lehengo igandean, haurrek eta gaztetxoek ordubetez kalera irteteko aukera izan zuten, azkenean.

 

Konfinamenduaren arintzea nola izango den osoki ez dakigun arren, musukoak, maskarak erabiltzea onuragarria eta gomendagarria dela diote adituek. Baliteke, epe motzean, eremu batzuetan musukoak erabiltzea beharrezkoa izatea, gainera.

 

Datorren egoera berriaren aurrean, Lezoko EH Bilduk proposamen hau egin dio gobernu taldeari:

 

  • FFP2 motako musukoak bana ditzala berehalakoan, ondoko herritar hauen artean:

 

  1. Osasun-arrisku taldean dauden herritar guztiei:

 

    • 65 urtetik gorako herritar guztiei.

    • Osasun arazoren batengatik arrisku taldean dauden herritarrei.

 

  1. Egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritar guztiei.

 

FFP2 motako musukoek ingurukoak babesteaz gain, norbera babesteko ere balio dute. Musuko hauek behin baino gehiagotan berrerabili daitezke.

 

Herritar guztion egoera eta bizi baldintzak ez dira berdinak. Lehentasuna osasun egoera zaurgarrian eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrengan jarri behar dela uste dugu. Horrek ez du esan nahi, gainerako herritarren artean banatzeko aukera baztertu behar denik. Egoeraren arabera, aztertu beharreko pausoa izan daiteke.

 

Larrialdi egoera honen hasieran musukoak lortzea ia ezinezkoa zen. Guztiok ikusi, irakurri eta jakin dugu ospitaletako, adineko egoitzetako, nahiz, langile soziosanitarioek izan dituzten gabezien berri.

 

Dirudienez, gaur egun, musukoen, maskaren stockak gora egin du hasierako gabezia arazoak konponduz. Hau guztia kontuan izanik egiten dugu gure proposamena.

 

Banatzaile batekin harremanetan jarri gara eta gobernu taldeak gure proposamena ontzat hartuko balu, musukoak denbora gutxian izan genitzake eskura.

 

250.000€ DIRU-LAGUNTZA BERRIETAN COVID-19AREN ONDORIOEI ERANTZUTEKO

| 2020-04-19 16:41:00

 

150.000€tako diru-laguntza herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko. Merkatari establezimendu txiki eta ostalarientzako 100.000€tako diru-laguntza.

 

Guk eginiko azken proposamen sortari Udal gobernu taldeak ez dio inolako erantzunik eman. Ondorioz, proposamen propioa egitea erabaki dugu.

 

COVID-19 birusaren ondorioz ezarritako alarma egoerak, herritar ugariren bizi baldintzak modu nabarmenean zaildu ditu: langabezian geratu direnak, aldi baterako lan erregulazioa jasan dutenak, ostalariak, merkatariak, autonomoak...

Bizi dugun larrialdi egoera honetan arduraz eta lasaitasunez jokatu behar da, baina hori ez dago lehenbailehen hartu beharreko erabakiekin kontraesanean.

Alarma egoera honen ondorioak bortitzen sufritzen ari diren herritar eta sektore ezberdinek ezin dute denbora luzeagoan itxaron, gaur behar dute laguntza. Horren erakusgarri, egoera berezi honen ondorioz, Gizarte Larrialdiko Laguntzak partidan, urte osorako udalak aurreikusia zuen diru kopuru osoaren %75 baino gehiago erabili behar izan dela lehenengo 4 hilabete hauetan. Horregatik, Lezoko EH Bildutik, ondorengo proposamen zehatza egiten diogu Udal gobernu taldeari:

 

  • Onartu dezala 150.000€tako diru-laguntza norbanako eta familiaren oinarrizko beharretarako:

◦ Alokairu eta mailegu ordainketak egiteko.
◦ Elikagaiak erosteko.
◦ Farmazia eta osasun produktuak erosteko.
◦ Argindarra, gasa, ura eta halakoak finantzatzeko.

 

  • Onartu dezala 100.000€tako diru-laguntza merkataritza establezimendu txiki eta ostalarientzako.

Bizitzen ari garen larrialdi egoera honek, erabaki eta neurri berriak hartzea eskatzen du.

Diru-laguntza berri hauek finantzatzeko, udalak aurreko urteetan izandako diru gerakina
eskura du.

Udal gobernu taldeari azken proposamen sorta egin genionetik 10 egun baino gehiago igaro diren arren, oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso.

Proposamen sorta hartan, herritar ugari eta sektore ezberdinak sufritzen ari diren egoera arintzeko diru-laguntza berriak azter zitzala eskatzen genion gobernu taldeari. Gure ustez, azterketa eta hartu beharreko erabakiak guztion artean adostea litzake egokiena, baina gobernu taldearen aldetik inolako erantzunik ez dugunez jaso, gehiago itxaron gabe, proposamen propio hau egitea erabaki dugu.

Udala da herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio publikoa eta gertukoena, berari dagokio herritarrei eman beharreko lehen erantzunak bideratzea. Horregatik, eskura dituen baliabide guztiak jarri behar ditu bizi dugun larrialdi egoera honi ahalik eta egokien erantzuteko.

PROPOSAMEN SORTA BERRIA EGIN DIOGU GOBERNU TALDEARI

| 2020-04-06 16:55:00
  • Bizi dugun larrialdi egoerari erantzuteko proposamen eraikitzaileak egiten jarraitzen dugu.

  • Herritarrek osatu duten zaintza-sareari gobernu taldeak ez dio behar besteko garrantzia eman, gure ustez.


3 aste dira alarma egoera ezarri zutenetik. Egoera honek herritar guztiongan du eragina, guztiok ari gara sufritzen. Gure lehenengo arreta haur, pertsona edadeko, gaixo kroniko eta egoera zaurgarrian zeuden pertsonengan jarri genuen eta udal gobernu taldeari egin genizkion lehenengo proposamenak bereziki horie bideratuak izan ziren:

 

  • 70 urtetik gorako herritar guztiei telefono deiak egitea: laguntza, babesa eta zaintza eskaintzeko.

 

  • Biolentzia matxista jasaten ari diren emakumeei arreta berezia.

 

  • Anbulategiarekin harreman zuzena izatea gaixorik ditugun edo zaintza bereziren bat behar duten herritarrak ahalik eta hobekin artatzeko.

 

  • Eskola eta Ikastolarekin harreman zuzena: eguneko otorduak bermaturik ez duen haurrik balego otorduak bermatzeko. Eta egoera honetan, ikasketak online bidez egin behar dituztenez, ordenadore edo interneterako konexioa izateko arazoak dituzten familiei irtenbidea emateko.

 

  • Udal zerga eta tasak ordaintzeko epea atzeratzea, erraztasunak eskaintzea eta tasa batzuk bertan behera uztea.

 

Horiekin batera, Lezoko zaintza sarea antolatzeari ekin genion eta Piztu Lezokoek bide bera urratu zutela ikusita, lankidetzan, 80 lagunetik gorako zaintza sarea osatu da.


Bistan denez, EH Bilduren asmoa hasiera beretik udal gobernu taldearekin lankidetzan jardutea eta egoerari erantzuteko proposamenak lantzea izan da. Horretarako,
bozeramaile mahaia eratzea proposatu genion alkateari.


Oraindik, ordea, larrialdi egoerak luze jarraituko du eta gure bokazioa da egoerari erantzuteko beharrezko proposamen eraikitzaileak egiten jarraitzea. Horregatik, aurrera begira jarri eta aipatutako sektore hauek ahaztu gabe eta eurengan arreta osoa mantenduz, dagoeneko eta ondorengo egun, aste eta hilabeteetan beste hainbat sektorek eta herritar ugarik dituzten eta izango dituzten behar bereziei erantzuteko, neurri sorta berria mahai gaineratu nahiko genuke. Ulertuta erakunde ezberdinak laguntza mota ezberdinak prestatzen ari direla eta horiek ongi koordinatzen asmatu beharko dela.


Edozein kasutan jendeak dituen premiazko beharrei edo gabeziei erantzuteko, Lezoko Udaletik iniziatibaz jokatu eta eskura dituen baliabideekin egin dezakeena albait arinen martxan jartze aldera, gobernu taldeari proposamen hauek egiten dizkiogu:

 

  1. Handitu dezala Gizarte Larrialdiko Laguntzak partida.
  2. Gizarte Zerbitzuetako plantilla handitu dezala.
  3. Azter ditzala erakunde ezberdinetatik jaso daitezkeen laguntzak eta ahal duen neurrian, aurreratu, azkartu eta erraztu ditzala laguntza horiek herritarrek lehenbailehen eskura ditzaten.
  4. Azter ditzala urgentziazko diru-laguntza berriak norbanako, familia, merkataritza establezimendu txiki eta ostalarientzako.

Lehen hiru aste hauetako balantzea egiterako garaian, ordea, beharrezkoa iruditzen zaigu udal kudeaketan inguruko gure kezkak mahai gaineratzea eta hobetu beharrekoak azaltzea.


Udal gobernu taldeari egin dizkiogun proposamenen artean, soilik 3 neurri zehatz bete ditu
orain arte:

 

  • Bozeramaile mahaia eratu da.

 

  • Udal zerga eta tasen ordainketak atzeratu ditu.

 

  • Eta bestetik, 70 urtetik gorako herritar guztiei deiak egiteko konpromisoa hartu zuen.

Azken kasu honetan Lezoko zaintza-sarearen lankidetza baztertuta, dei horiek egitekoudal langileak soilik baliatu nahi izan ditu eta horrek prozesua denboran behar  baino gehiago luzatzea ekarri duela esan behar dugu. Konparazio moduan, Errenteria-Oreretako Udalak lehenengo astean 8000 herritarrei telefono deiak eginak zituen zaintza sareko boluntarioak erabiliz. Lezon berriz, 800 herritarrei deitzeko 3 aste behar izan ditugu.

70 urtetik gorakoen edo bestelako behar bereziren bat duten herritarren zaintza beharrei erantzuteko ere, udalak Lezoko zaintza-sarearen lankidetza eskaintza baztertu du eta Gurutze Gorriaren bidez egitea lehenetsi du.

Horrekin lotuta, esan behar dugu bizi dugun larrialdi egoeran, herritar antolatuak egoteak, zaintza komunitariorako sarea egituratzeak, gure ustez, garrantzia eta potentzial izugarria izan arren, udalak ez diola behar besteko garrantzirik eman eta ez duela jakin sare horri behar bezalako probetxua ateratzen.

Seguru gaude, gaur ez bada bihar, zaintza komunitarioa ezinbestekoa dela.

Eskerrak emanez bukatu nahi genuke.

Eskerrak egunero-egunero besteon egoera errazteko lanera joan behar duzuen herritar guztiei. Eskerrak ingurukoei, bizilagunei, ezagunei edo beharra duen edonori zuen laguntza eskaintzen diozuen herritarrei. Eskerrak Lezoko zaintza sarean izena eman duzuen guztiei. Eskerrak Lezoko herritar guztiei izaten ari zareten ardura eta pazientziagatik.


Indartu dezagun komunitatea eta jarrai dezagun saretzen. Guztion artean lortuko dugu.


Elkar zaindu dezagun.

80 herritarrek baino gehiagok eman duzue izena Lezoko zaintza sarean parte hartzeko

| 2020-03-18 14:21:00

Bizi dugun larrialdi momentu hau ondoen gainditzeko zaintza komunitarioa behar beharrezko dugula uste dugu.

Zaintza sarearen kudeaketa udalak egin behar duela uste dugu, bera baita segurtasun neurri handiekin egiteko baliabide gehien dituena.

Egun konplikatuak ari gara bizitzen. COVID-19 koronabirusa dela eta alarma egoera batean gaude. Bizi dugun larrialdi momentu hau ondoen gainditzeko zaintza komunitarioa behar beharrezko dugula uste dugu.


Jakingo duzuenez, asteburuan, boluntario sarea osatzeko ekimena abiatu dugu Piztu Lezotik eta EH Bildutik. Benetan, mila esker. Dagoeneko 80 lezoarrek baino gehiagok eman dute izena. Izugarria da agertu duzuen konpromisoa eta elkartasuna. Eskerrik asko.


Erakutsi duzuen konpromisoa eta gogoa izugarria da, baina hau guztia, arduraz eta osasun segurtasun neurri guztiekin abiatu behar dugu. Boluntarioen eta sarearen beharra duten herritarren osasuna zainduz. Kontu larria dugu eta ezin dugu arinkeriaz jokatu. Lasaitasunez, ardura osoz eta osasun neurri guztiak betez aritu behar dugu.


Uste dugu udalak izan behar duela boluntario zerrenda eta zaintza sare hau kudeatu eta artikulatu behar duena. Udala baita baliabide gehien izan ditzakeena hau guztia osasun segurtasun neurri handiekin egiteko.


Udal gobernuari ekimen honen berri eman diogu eta boluntario zerrenda helaraziko
diogula ere jakinarazi diogu.

Begionez jaso du proposamena udalak eta ahalik eta azkarren, oharra kaleratuko du honen guztiaren berri emanez eta boluntario sarean izen emateko aukera aipatuz.

Dagoeneko boluntario sarean izena eman duzuenek ez duzue berriro izena eman beharrik. Guk helaraziko diogu orain arteko zerrenda udalari.

Egoeraren diagnosia egin, beharrak identifikatu eta egitekoak zehaztu ondoren, udala jarriko da harremanetan boluntarioekin.

Bitartean, lasai egon, etxean geratu gaitezen, osasun segurtasun guztiak bete eta arduraz jokatu dezagun.

Mila esker izaten ari zareten jarreragatik.

Elkar zaindu dezagun. Guztion artean lortuko dugu.