EH Bildurentzat, instituzioetan egotearekin batera oinarri-oinarrizkoa da herrigintza, kale presentzia, bere DNAn baitago. Komunitatea biltzearekin batera, hori da, besteak beste, Bat Egin Egunekin aldarrikatu nahi duena. Politikaren desafekzio garaietan gertuko jarduna are garrantzitsuagoa baita. Ildo beretik ari da EH Bildu ehunka eragilerekin Nazio Elkarrizketa deritzon entzute ariketa egiten, baita Lezon ere, herritarren behar, kezka eta proposamenak entzuteko eta proiektu politikoa herriarekin batera eraikitzen jarraitzeko.
Ekitaldian EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politiko Nekane Zinkunegik hartu zuen hitza. Munduan bizi den egoerari egin zion erreferentzia. Politikarekiko desafekzioaren garaiotan, politika sare sozialetako memeen eta titular kolpeen bidez egitea geroz eta ohikoagoa den garaiotan, pantailen eta telebistako mikrofonoen bidezko ika-mikak eguneroko ogi bihurtu zaizkigunean, itxaropena ematen du borondatezko lanerako prest oraindik jendea badela ikusteak. Eta hori da EH Bilduk herri honi eskaintzeko duena: mundua hankaz gora dagoen garaiotan, segurtasunerako eta itxaropenerako proiektu partekatu bat.
Azpimarratu zuen azken urteotako bilakaerak erakutsi duela ezkerreko subiranismoak gero eta babes sozial handiagoa duela Euskal Herrian, eta herriari lotutako jardunak eta gertutasunak berebiziko garrantzia dutela proiektu politiko sendo bat eraikitzeko. Gogora ekarri zuen, halaber, EH Bilduren III. Kongresuan herriarekin lotura estutzea lehentasunezko apustutzat izendatu zela.
Lezon ere norabide horretan urratsak egiten ari da EH Bildu. Herrian errotutako komunitate politiko eta sozial sendoa eraikitzen jarraitzeko helburuarekin, ekitaldian Lezoko Mahai Politikoa aurkeztu zen eta Aitzol Saizar herriko arduradun politiko berri gisa aurkeztu zuten.
Joan den urteko EH Bilduren III. Kongresuan, bere buruari ezarritako egitekoetako bat izan zen EH Bilduren tokiko egituratzean aurrera urratsak egitea, argi dutelako hegemonia soziopolitikoa lehiatzen badihardu, hauteskundeetako babesaz eta instituzioetako ordezkaritzaz haragoko gorputza behar duela EH Bilduk. Eta apustu horren barnean kokatzen dira tokiko arduradunen izendapena edota herrietako mahai politikoen eratzea.
Urrats horiek ez dira helburu bere horretan; tresnak dira proiektu politikoaren mesedetan lan egiteko eta prozesu klabeetan aurrera egiteko. Gipuzkoako hamarnaka herritan hartu dute EH Bilduren kideek nork bere herriko arduradun politiko izateko konpromisoa. Lezon, Aitzol Saizarrek hartu du ardura hori. Hizlariak eskerrak eman zizkien bai hari bai Mahai Politikoa osatuko duten kide guztiei erakutsitako konpromisoagatik.
Ospatzeko eguna ere izan zen. Esku bete lan dago aurretik, baina lortutakoa ospatzeko eta etorkizuneko erronkei elkarrekin heltzeko lagunartea ere ezinbestekoa da. Horren erakusgarri izan zen ekitaldiaren ondoren egin zen mokadutxoa; komunitatea indartzeko, harremanak zaintzeko eta herriko EH Bilduko kideen artean giro goxo eta atseginean unea partekatzeko aukera izan baitzen.