Lezo

445.900€KO ZENBATEKOA OSATZEN DUTEN 18 EMENDAKIN PROPOSATU DIZKIOGU EAJ-PSE TALDEAK AURKEZTUTAKO UDAL AURREKONTUARI

| 2020-11-27 18:40:00

Bizi dugun krisialdiari erantzuteko beharrezkoak diren inbertsioak egiturazko partidetan jasotzen ez direnez, ezezko bozka eman diogu EAJ-PSE taldeak aurkeztutako udal aurrekontuari.

 

Inbertsio hauek ezin dira diru gerakinaren edo alkatearen borondatearen menpe egon.

 

Hala ere, bizi dugun momentuaren zailtasunak eta gogortasunak guztion ekarpenak behar dituela uste dugunez, 445.900€ko zenbatekoa osatzen duen 18 emendakin proposatu ditugu bizi dugun egoerari ahalik eta hobekien erantzuteko eta ditugun ahuldadeak eta gabeziak konpontze bidean.

 

Hauek emendakin esanguratsu batzuk:

 

Etxez-etxeko zerbitzua eta etxez-etxeko langileen baldintzak hobetzeko 85.000€ gehiago. Zerbitzua zabaltzeko eta hobetzeko langileen plantilla kopurua 2 langile gehiagorekin handitzea proposatu dugu, horretarako 78.000€ bideratuz. Horrekin batera, langileek babes material nahikoa izan dezaten, babeserako arropa eta materialen partida 7.000€ gehiagorekin handitzea proposatu dugu.

 

Krisialdiak norbanako eta familiengan sortutako eraginei aurre egiteko 45.000€ gehiago. Begibistakoa da, egoera honetan, lehendik ere egoera zaurgarrian zeuden herritarren egoerak okerrera egin duela. Halaber, egoera zaurgarrian dauden herritarren kopuruak gora egin du, eta pentsatzekoa da, oraindik ere gora egingo duela, zoritxarrez.

 

Adin txikikoen atentzioan 10.000€ gehiago. Itxialdi eta murrizketek gehien eragin dion sektoreetako bat dugu. Berebiziko garrantzia izan behar du arlo siko-afektibo-emozionalean erreparatzea eta zaintzea.

 

Herriko ostalaritza, merkataritza, autonomo eta enpresa-txikien jarduera ekonomikoa indartzeko 110.000€ko partida sortzea proposatu dugu. Krisiak zuzen eta gogor jo die. Herriko ekonomia motor garrantzitsuak diren heinean, garrantzitsua iruditzen zaigu sektore hauei zuzenduriko partidak sortzea. 110.000€ horietatik, 80.000€ laguntzen partidarako izango lirake eta gainerako 30.000€ak herriko merkataritza sustatzeko (erosketa bonoak, berariazko kanpainak…).

 

Biolentzia matxistari aurre egiteko 15.000€tan handitzea berdintasun partida. Lehendik ere jasanezinak ziren egoerak areagotu egin dira itxialdiaren ondorioz. Udalaren lehentasunezko lan lerroetakoa izan behar du eta horrek islada izan behar du udal aurrekontuan.

 

Arrakala digitala ekiditeko 10.000€ko laguntza partida sortzea. Lehendik ere pisua zuen mundu digitalaren indartzea ekarri du pandemiak. Telelana edo ikasketak online bidez jarraitu beharra jarduera arrunt bilakatu zaizkigu. Horretarako, gailu teknologiko eta konexio sare egokiak izatea oso garrantzitsua da.

 

Euskararen plan estrategikoa gauzatzeko 10.000€ko partida sortzea. Herrian egindako azken kale erabilera neurketek beheranzko joera adierazi dute euskararen erabilerari dagokionean. Tendentzia hori zuzentzeko eta, euskararen hedapena eta egoera hobetzeko, plan estrategikoa egin beharko genukeela pentsatzen dugu, guztion parte hartzearekin.

 

Azaroaren 26an burutu zen Osoko Bilkuran emendakin hauen aurka bozkatu zuten EAJ eta PSEko zinegotziek. Hala ere, beraien partetik emendakinak begiratu eta aztertzeko konpromisoa lortu genuen.

 

Herritarren ongizatea eta COVID-19aren krisialdiari aurre egitea baldin badira udal aurrekontuaren lehentasunak, partida horiek aurrekontuan definituta egon behar dute. Beharrak aldatu dira eta behar horien arabera egituratu behar da 2021eko aurrekontua. Ez du zentzurik aurreko urteetako aurrekontu egiturari eusteak eta are sortu diren beharrei erantzuteko egitasmo berririk ez egotea definituta aurrekontuan.

EAJ-PSE TALDEAK AURKEZTUTAKO UDAL AURREKONTUARI OSOKO ZUZENKETA AURKEZTUKO DIOGU

| 2020-11-25 21:56:00

Udal aurrekontuari osoko zuzenketa aurkeztuko diogu, bizi dugun krisialdiari erantzuteko egokitutako aurrekontua behar baitugu.

 

Egungo beharrei erantzuteko beharrezkoak diren inbertsioak jaso behar ditu aurrekontuak. Ezin dira diru gerakinaren edo alkatearen borondatearen menpe egon.

 

2021 urtean 8.800.000€ko udal aurrekontua izango dugu. 2020 urtean izan dugunaren ia kopuru berdina, 40.000€ gutxiago.

 

EAJ-PSE taldeak aurkeztu duen udal aurrekontuak, aurreko urteetako egitura eta diru banaketa berdina du, hau da, COVID-19aren pandemia eragiten ari den osasun krisi, krisi ekonomiko eta krisi soziala existitzen ez ziren urteetako aurrekontu egitura berdina.

 

Herritarren ongizatea eta COVID-19aren krisialdiari aurre egitea baldin badira udal aurrekontuaren lehentasunak, partida horiek aurrekontuan definituta egon behar dute. Beharrak aldatu dira eta behar horien arabera egituratu behar da 2021eko aurrekontua. Ez du zentzurik aurreko urteetako aurrekontu egiturari eusteak eta are kezkagarriagoa da sortu diren beharrei erantzuteko egitasmo berririk ez egotea definituta aurrekontu proiektuan.

 

Horregatik, EH Bildutik aurrekontuari osoko zuzenketa aurkeztu diogu. Egungo behar bereziei erantzungo dioten egiturazko inbertsioak eta garatu beharreko proiektuak definitu eta horietarako aurrekontu partida zehatzak jasoko dituen aurrekontu-proposamena aurkeztu beharra ikusi baitugu.

 

Era berean, udaleko egitura eta zerbitzu batzuren ahuldadeak eta gabeziak azaleratu ditu krisiak. Adibidez:

 

  • Etxez-etxeko zerbitzua. Martxoko konfinamendu garaian, zerbitzua jasotzen zuten herritarren %35a zerbitzua jaso ezinik geratu zen.

  •  

  • Etxez-etxeko langileen lan baldintzak. Erabiltzaile bakoitzari eskaini ahal izateko denbora murriztu zitzaien; babes material egokiaren gabezia (gaur egun, langile bakoitzak FFP2 musuko bakarra du aste osorako); lan pilaketa…Honek guztiak, zerbitzuaren kalitatea kaltetzea eta langileengan estres handia sortzea eragin zuen.

  •  

  • Egoera zaurgarrian dauden herritarrak. Begibistakoa da, egoera honetan, lehendik ere egoera zaurgarrian zeuden herritarren egoerak okerrera egin duela. Halaber, egoera zaurgarrian dauden herritarren kopuruak gora egin du, eta pentsatzekoa da, oraindik ere gora egingo duela, zoritxarrez.

  •  

  • Adin txikikoen atentzioa. Itxialdi eta murrizketek gehien eragin dion sektoreetako bat dugu. Berebiziko garrantzia izan behar du arlo siko-afektibo-emozionalean erreparatzea eta zaintzea.

  •  

  • Herriko ostalaritza, merkataritza, autonomo eta enpresa-txikien egoera. Krisiak zuzen eta gogor jo die. Herriko ekonomia motor garrantzitsuak diren heinean, garrantzitsua iruditzen zaigu sektore hauei zuzenduriko partidak indartzea.

  •  

  • Biolentzia matxista jasaten duten emakumeak. Lehendik ere jasanezinak ziren egoerak areagotu egin dira itxialdiaren ondorioz. Udalaren lehentasunezko lan lerroetakoa izan behar du eta horrek islada izan behar du udal aurrekontuan.

  •  

Eremu horiek guztiak, eta beste hainbat, udalaren betebeharretan oinarrizkoak diren arloak dira guretzat. Horregatik, krisi honek guztiak azaleratu dituen ahuldade, gabezia eta behar berrien aurrean, funtsezkoa dugu egiturazko partidetan beharrezkoa duten diru kopurua txertatzea eta ez, udal gobernu taldeak proposatu duen bezala, udalak izan dezakeen soberakinaren menpe egotea. Ez eta alkatearen (edozein alderdietakoa izanda ere) borondatearen menpe egotea ere, berak kudeatzen duen kreditu globalaren bidez.

LEZOKO OSTALARITZARI 50.000 EURO BIDERATZEA PROPOSATZEN DUGU LAGUNTZA ZUZENETAN

| 2020-11-12 21:27:00
  • Diru-laguntza zuzenak bideratzearen premia ondorioztatu genuen Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearekin egindako bileran.

  •  
  • Egoera honek, plan integralagoa behar duela argi izanik, beste neurri batzuk aztertzearen eta lantzearen konpromisoa ere hartu genuen.

 

Eusko Jaurlaritzak ostalaritza berriro ixteko emandako agindua, herriko ostalaritza sektorearentzat beste kolpe bat izan da.

 

Azaroarean 11ean, sortu berri den Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko ordezkari batzuekin, bilera egin genuen bizi duten egoeraren berri eurengandik zuzenean entzun eta, proposamenak eta ideiak elkartrukatuz, egoerari modurik osoenean erantzun ahal izateko.

 

Bileratik ateratako ondorioetako bat, laguntza zuzenak jasotzearen beharra izan zen.

 

Horregatik, Lezoko EAJ-PSE gobernu taldeari, premiazko neurri gisa, 50.000 euro bideratzea proposatzen diogu herriko ostalaritza sektorearentzat laguntza zuzenetan.

 

Eusko Jaurlaritzak ostalaritza ixteko emandako agindua, babes neurri sendoz lagundurik egin behar da. Babes neurri hauek, berehala jaso behar dituzte, gainera. Herriko ostalari batzuk, Eusko Jaurlaritzak bideratutako aurreko diru-laguntzak, oraindik jasotzeke dituztela adierazi baitigute.

 

Egoera honek guztiak, ostalari askoren etorkizuna ere, oso ilun irudikatzen du, beraien negozioa ixteko arriskua gertu ikusteraino.

 

Jakitun gara, proposatzen dugun diru-laguntza berri honek, ez duela bizi duten egoera konpontzen. Diru-laguntzak baino, irtenbide, plan integralagoa behar duela egoerak.

 

Azaroarean 11ean, egin genuen bileran beste neurri batzuren inguruan ere hitz egin genuen, adibidez: bono-laguntzak, Lezoko taberna eta jatetxeak jasoko lituzkeen aplikazio bat, interesik gabeko mikrokredituen aukera...

 

Gure partetik, diru-laguntza zuzenen eskaera EAJ-PSE gobernu taldeari helaraziko genionaren, eta beste neurri horiek lantzearen konpromisoa hartu genuen.

 

Ziur gaude, elkarlanean arituz, modu komunitarioan erantzunez indartsuago irtengo garela egoera zail honetatik.

OSAKIDETZAK BAHEKETA MASIBOA EGITEA ETA SEKTORE ARTEKO MAHAIA OSATZEA ESKATZEN DIOGU ALKATEARI

| 2020-11-03 22:20:00
  • Baheketa masiboa egin behar dela uste dugu. Kutsatze intzidentzi maila jeisteko asintomatikoak azaleratu eta herriko informazio osoena izan behar baitugu.

  • Sektore arteko mahaia osatu behar da bakoitzaren egoera eta beharrak ezagutuz elkarlanean erabakiak hartzea ahalbideratuko duena.

Urriaren 20an, 100.000 biztanleko 500 kutsatu baino gehiagoko batazbestekoa gainditu genuen herrian eta ondorioz, Lezo, COVID-19aren eremu gorrira pasatu zen.

Tamalez, data hartatik gaurdaino egoera ez da hobetu eta astebete baino gehiago daramagu 100.000 biztanleko 1.000 kutsatutik gorako zenbakietan.

Kutsatze maila honekin egoera kontrolpean ez dagoela esan daiteke eta kutsatze komunitario baten aurrean aurki gaitezkeela ere pentsa genezake.

Horregatik, kutsatze intzidentzi maila gehiagora joan ez dadin, baheketa masiboa egin beharko litzakela uste dugu, asintomatikoak azaleratzea garrantzitsua baita. Udal gobernu taldeak baheketa lehenbailehen egitea eskatu beharko lioke Osakidetzari.

Horrekin batera, informazio zuzena eta zehatza eskatu behar dio Osasun Sailari: kutsatuak non eman diren, zein adin tartetan... Neurri egokiak hartzeko ezinbestekoa baita informazio hau guztia izatea.

Egoera kezkagarria bizi dugu. Egoera konplexua da eta aurre egitea oso zaila da. Sektore askotako pertsonen esperientzia, jakintza behar beharrezkoa dugu.

Gobernu talde honek orain arte izan duen jarrera aldatu eta lehenbailehen sektore arteko mahaia (ostalari eta merkatariekin, osasun etxearekin, adinekoekin, hezkuntza komunitatearekin...) osatzea eskatzen diogu, beste behin.

Garrantzi handikoa iruditzen zaigu sektore hauekin harreman zuzena izatea, besteak beste, egoerari bertatik bertarako jarraipena egiteko, herritarren ahalduntzean eta formazioan kolaboratzeko.

Dirudienez, neurri murriztatzaileagoak ezarriko dizkigute laster, orain arteko neurrien eraginkortasun eza herritarron bizkarrean jarriz, ustez izan dugun arduragabekeriaren aitzakipean.

Norberak hartu beharreko neurriak zehaztea beharrezkoa da, baina ez da lortuko behar besteko eraginkortasunik horretarako gardentasunez jokatu, jendeari informazioa egoki helarazi eta erabakiak modu komunitarioan hartu ezean.

Sektore bakoitzaren egoera, beharrak zein diren ezagutu, guztion artean elkar trukatu erabakiak elkarlanean hartzeko. Erabaki hauek erakunde publikoen laguntza neurriekin babestuak izan behar dute. Eta guzti horretan, udalak herritarrongandik gertuen dauden erakundeak izanik, Lezoko Udalak lehen lerroan egon behar duela uste dugu.

Aste eta hilabete gogorrak datozkigu, baina ziur gaude guztion artean, herri gisa arituz ongi erantzungo dugula.

Mila esker Lezo.

Elkar zaindu dezagun.

ALKATEA IZATEN ARI DEN ARDURAGABEKERIA OSO LARRIA DA BIZI DUGUN LARRIALDI EGOERAN

| 2020-09-02 22:30:00
  • Alkateak egindako azken deiarekin herrian alferreko alarma sortu, herriko sektore zehatz bat jo-puntuan jarri eta herritarren osasun asistentzia arriskuan jarri du.
  •  
  • Horregatik, arinkeriaz jokatzeari utzi eta egoerak eskatzen duen arduraz aritzeko, COVID-19ak sortutako krisiaren kudeaketaz arduratuko den sektore arteko batzordea osatzea proposatzen diogu. Batzordea, alkatea ez den beste inork gidatu beharko luke.

Lehendik ere azaldu izan dugu udalaren aldetik Covid-19ak sortutako osasun larrialdiaren inguruan egiten ari den kudeaketak sortu izan dizkigun kezkak. Oraingo honetan, ordea, alkatearen azken oharrarekin, urrunegi joan dela uste dugu: herrian alarma egoera sortzeaz batera, herriko sektore zehatz bat jo-puntuan jarriz eta herritarren osasun asistentzia arriskuan jarriz.

 

Donostiako bi establezimendu zehatzetan izan zirenen kutsatzeak zirela eta, Tiñelu Elkarteko tabernariak PCR probak egin behar zituela jakinarazi zion Tiñeluko zuzendaritzari abuztuaren 24an. Zuzendaritzak, bere aldetik eta egun berean, taberna eta elkartea ixtea erabaki zuen, badaezpadako neurri gisa.

 

Lehenengo momentutik, Tiñeluko zuzendaritza Osasun Sailarekin harremanetan egon da eta handik jasotako irizpide eta protokolo guztiak betetzen ari da. Protokolo horiek diotenari jarraituz, tabernariaren positiboaren berri izandakoan (abuztuaren 28an) kontaktu estuen1 PCR probak egiteari ekin zitzaion. Tiñelu tabernako gainerako zerbitzariei abuztuaren 28an egin zieten proba.

 

Aldi berean, Tiñeluko tabernariaren positiboaren berri izan orduko, elkarteko zuzendaritzak egoeraren berri eman zion udalari. Horrela, egoera okertuko balitz, beharrezko neurriak eta baliabideak aurreikusi ahal izateko.

 

Alkateak, ordea, inongo osasun erakunderekin harremanetan jarri gabe, bere kaxa, informazio osoa izan gabe, egoeraren diagnosia egin gabe eta Osasun Saileko protokoloei muzin eginez, eta herrian izandako beste kasuekin egin ez bezala, Tiñelun egondako herritarrei probak egiteko deia zabaldu zuen publikoki.

 

Egun bat geroago, abuztuaren 29an, Tiñelu tabernako gainerako zerbitzariek PCR probaren emaitza jaso zuten: guztiak negatiboak. Hau da, Tiñelun ez da kutsatze komunitariorik izan.

 

Bizi dugun osasun larrialdi, krisi sozial eta ekonomiko honetan, ziurgabetasuna dugu nagusi. Instituzio publikoen betebeharra konfiantza, lasaitasuna eta babesa eskaintzea da. Horregatik, eta herritarrongandik gertuen dugun instituzioa udala dugula kontuan izanik, hartzen diren erabakiak ongi aztertuak, ondorioztatuak, informazio osoarekin, eraginkorrak eta arduratsuak izan behar dute.

 

Alabaina, horrela jokatuz, alkateak arinkeriaz jokatu du, herritarren artean ezinegona eta nahasmena sortuz.

 

Hamarnaka herritar izan dira oharrak zioenari kasu egin eta arduraz, Lezoko eta Errenteriako osasun zentroetara deitu dutenak PCR proba egitera joateko eskatzen zietela esanez. Osasun zentroek ez zuten ordea, Tiñelun izandako pertsonei PCR proba egin behar zietela zioen Osasun Sailaren agindurik. Ulertzekoa da egoera horrek guztiengan sorturiko nahasmena.

 

Udalak lasaitasuna eskaintzeko, zehaztasunez eta oinarri sendoko erabakiak hartuz aritu behar du. Alkateak, aldiz, “Azken egunotan” Tiñelun izandakoei probak egitera deituz zabaldu zuen oharra ez da batere zehatza, ez baitzegoen jakiterik noiztik aurrera izandakoei proposatzen zien probak egitera joatea: zein daten artean izandakoek egin behar lukete proba?

 

Horrekin batera, berez nahiko zailak eta ziurgabetasunez josiak diren garaiotan, alkateak herritarren artean alferreko alarma egoera sortu duela deritzogu.

 

Tiñeluko kasuan, alkateak, intentzio txarrez jokatu duela uste dugu.

 

Ez dira aste asko, herriko beste taberna bateko zerbitzari batek PCR proban positibo eman zuela. Kasu hartan, Osasun Sailak ezarritako protokoloa jarraitu zen: zerbitzariarekin kontaktu estua izan zuten pertsonei PCR proba egin zieten. Zorionez, kasu hartan ere, negatiboak izan ziren gainerako langile guztien emaitzak eta alkateak, egoki, protokoloa jarraituz, ez zuen oharrik kaleratu taberna hartan izandako pertsonek PCR proba egitera joan behar zutela esanez.

 

Ez da kasu bakarra. Udaleko langile batek PCR proban positibo eman zuela jakinarazi zuen egun asko ez dela. Kasu honetan ere, protokoloa jarraitu eta kontaktu zuzena izan diren gainerako langileei PCR proba egin zieten. Guztiak negatiboak. Ondorioz, eta oraingoan ere egoki, alkateak ez zuen deirik egin udal bulego horretatik igaro diren herritar guztiek PCR proba egitera joan behar dutela esanez.

 

Horiek guztiak aintzat hartuta, kasu honetan izan duen jokabidean, herriko sektore zehatz bat jo-puntuan jartzeko intentzio argia ikusten dugu.

 

Bukatzeko, larriena dena, alkateak arduragabekeriaz jokatu du. Alkateak, Osasun Sailarekin inolako harremanik izan gabe, inongo koordinaziorik gabe, bere kabuz egindako deiarekin, Lezoko eta Errenteriako osasun zentroak beharrezko ez ziren deiekin eta kontsultekin kolapsatzeko arriskua sortu du, hauek ez baitzekiten ezer eta ez baitzegoen inolako antolaketarik. Horrela, beharrezko eta akaso presazko beste kasu batzuen kontsulta zailduz edo eragotziz. Hainbat pertsonen osasuna arriskuan jarri zezakeen arduragabekeria larria erakutsi du alkateak.

 

Horregatik guztiarengatik, alkateari presazko Osoko Bilkura berezia egiteko deia egiten diogu, bere jokabidearen nondik norakoak azaldu ditzan. Horrekin batera Covid-19ak sortutako krisiaren kudeaketaz arduratuko den sektore-arteko batzorde komunitarioa osatzea proposatzen diogu. Erakutsitako gaitasun falta dela eta alkatea ez den beste inork gidatu beharko lukeen batzordea, herriko eragileen (hezkuntzakoak, ostalaritzakoak…) parte hartzea bermatuko duen batzordea, udaleko gizarte zerbitzuetako eta beste sailetako teknikariek ere parte hartuko luketena eta, oro har, herritarrei irekia egongo dena. Batzorde horren ardura izango litzateke, osasun larrialdiak dirauen artean, horren inguruan hartu beharreko erabaki guztiak adostea.

1 Osasun Sailaren protokoloaren arabera “…2 metro baino gutxiagoko distantziara 15 minutuz gutxienez egondako pertsona…”