Maddalen Iriarte (EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusia), Juan Karlos Izagirre (Donostiako alkategaia), Aizpea Otaegi (Errenteriako alkategaia), Teo Alberro (Pasaiako alkategaia) eta Mikel Arruti (Lezoko alkategaia) Azti Itsas Zentro Teknologikoan izan dira gaur, Rogelio Pozo eta Marina Santurtúnekin, AZTIko zuzendari nagusia eta arrantza eta ozeano jasangarrien merkatu zuzendaria, hurrenez hurren. Bilera hau Pasaiako Badiako eragileekin azken hilabeteetan EH Bildu egiten ari den harremanen baitan kokatzen da.
Bertan, AZTIren proiektuak lehen eskutik ezagutu dituzte eta Oarsoaldean itsasoarekin zerikusia duten jarduera berrien edo ekonomia urdineko jarduera berrien inguruan aritu dira. EH Bilduk argi du Oarsoaldeko lau udalerriek 2016-2025 aldirako adostasunez landutako Plan Estrategikoa sustatzeko Eusko Jaurlaritzak Berpiztu programaren bidez bideratutako 24 milioiek hasiera besterik ezin dutela izan.
Goiz berdinean eskualdeko jarduera traktorea duen Portuko langileen ordezkariekin bildu dira. 1.600 dira egun Portuaren inguruan lan egiten duten herritarrak eta euren baldintzak hobetzea, pribatizazioa etetea zein jarduera berriak sortzea da helburua eskualdeko lehen indar politikoarentzat; alegia, EH Bildurentzat.
Hartu-eman hauetatik zein egingo diren berrietatik Etorkizuneko badia proposamena partekatzen eta osatzen jarrai asmo du EH Bilduk, herritar guztiak, enplegua eta ingurumena kontuan hartuko dituen badia eraikitzeko proposamena, portua eta herrien arteko elkarbizitza zein berrikuntza ardatz izango dituena eta datozen egunetan aurkeztuko duena.
Argazkian, Mikel Arruti —eskuinetik bigarrena—, gaur, AZTIn. Besteren artean, Maddalen Iriarte —ezkerretik bigarrena—.