AKTUALITATEA


| 2021-11-18 14:01:00

Mozio baten bitartez, EH Bilduk alokairuen prezioak mugatzeko lege mekanismo propioak berehalakoan ezartzea proposatu du, EAEk duen ahalmena baliatuta, herritar orok etxebizitza-eskubidea eskuragarriago eduki eta gazteen emantzipazioa errazteko. Eraitz Saez de Egilazek gogorarazi duenez, alokairuen prezioak izugarri garestitu dira azken urteotan, %30 Gipuzkoan esaterako, eta merkatu horretan Donostia Estatu espainoleko hiriburu garestiena da, eta Bilbo laugarrena, gazteen emantzipazioa ia ezinezko egiteraino. 30 urtez azpiko gazteen artean %13,7 soilik emantzipatu dira, alokairuen prezio altuek eta lan prekarietateak horretarako aukera ematen ez dutelako. Datuek, beraz, agerian uzten dute premiazkoa dela prezioen gorakada horri muga jartzea eta EAEk horretarako dituen eskumenak baliatzea.

Hori dela eta, EH  Bilduren iritziz, ulertezina da, arazoaren tamaina kontuan hartuta, Jaurlaritzak eskumen horiek erabiltzeari uko egitea eta, horren ordez, hartu beharreko edozein neurri Madrilen Gobernu espainolak onartuko duen Etxebizitza Legearen mende uztea. “Ez dugu zertan inoren zain egon, hemen ditugun tresna propioak baliatu ditzakegu Madrili begira egon gabe. Zergatik itxaron behar dugu Madrilen legea onartu arte hemen jada neurriak hartzeko aukera baldin badugu?”.

PSOE-Podemos Gobernuak sustatutako Etxebizitza Legeak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian izango duen eraginkortasun eskasaz ere ohartarazi du Saez de Egilazek: “EAEko errealitatea egokituta, lege hori ez da nahikoa izango, jabe handiei bakarrik egiten dielako erreferentzia eta hemengo alokairu merkatuan jabe handien etxebizitza kopurua %10 baino ez delako; hau da, hemen 110.500 etxebizitza daude alokairuan, baina Madrilgo legeak 1.110 alokairuri bakarrik eragingo die”.