AKTUALITATEA


| 2025-10-22 10:06:00

Gaur eguerdian amaitzen da epea agerraldi-eskaerak aurkezteko, EH Bilduk zein EAJk Administrazioan hizkuntza-eskakizunen sistema blindatzeko aurkeztu duten lege proposamenen tramitazio parlamentarioaren baitan. Talde independentistak 16 aditu eta gizarte eragileren agerraldiak eskatu ditu, “euren ekarpen eta iritziek Legebiltzarretik aterako den legea, Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatuko duena,  hobetzeko balioko dutelakoan”, Josu Aztiriak adierazi duenez.

EH Bilduk aurkeztutako agerraldien zerrendak aintzat hartzen ditu langileak (ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikala), euskalgintza (Kontseilua eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia), Administrazio Publikoan euskararen normalizazio-politikak eta planteatzen ari den lege-aldaketan bermatu beharreko segurtasun juridikoa. Azken puntu honi dagokionez, legearen tramitazioan Euskal Herriko, Kataluniako, Valentziako eta Galiziako lehen mailako aditu eta legelariek parte hartuko dutela nabarmendu du Aztiriak, eta guztiek Legebiltzarrean agertzeko erakutsi duten prestutasuna eskertu ere.

Alde horretatik, EH Bilduko legebiltzarkideak agerraldi horiek izango duten garrantzia azpimarratu du, “adituek lagunduko digutelako eztabaida hau zorroztasun eta xehetasun juridiko handienarekin egiten; une honetan eremu honetan aditu handienak diren juristak gonbidatu nahi izan ditugu horregatik”.

Horren haritik, EH Bilduren proposamenak segurtasun juridiko osoa duela berretsi du Aztiriak. “Gure proposamenak Katalunia eta Galiziako ordenamendu juridikoetan dagoeneko jasota dagoena hartzen du oinarritzat, 40 urteko abala du eta Konstituzio Auzitegiaren eta Europako Batasunaren sententzia ugariren babesa du. Ez dugu ezer asmatu; Katalunia eta Galizian badago; alde batzuekin Valentzia eta Balearretan ere, eta ez du inongo oztoporik izan orain arte. Beraz, bideragarria eta egingarria da”.

EH Bilduk eskatutako agerraldien zerrenda, zehazki, ondorengoa da:

  1. LAB sindikatua (Irati Tobar Hezkuntza arduraduna eta Urko Aierbe Euskara arduraduna)
  2. ELA sindikatua (Pello Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduraduna).
  3. Euskotren-eko LAB sindikatuaren atal sindikala
  4. Hizkuntza Eskubideen Behatokia (Agurne Gaubeka zuzendaria)
  5. Euskalgintzaren Kontseilua (Idurre Eskisabel idazkari nagusia eta Manex Mantxola koordinatzailea)
  6. Iñigo Urrutia (EHUko Administrazio Zuzenbideko irakaslea eta EHUko Aldezlea)
  7. Xabier Arzoz (Administrazio Zuzenbidean katedraduna UNEDen eta Espainiako Konstituzio Auzitegiko legelari ohia)
  8. Andrés Boix (Administazio Zuzenbidean irakasle titularra Valentziako Unibertsitatean eta hizkuntza-eskubideetan aditua)
  9. Alba Nogueira (Administrazio Zuzenbidean katedraduna Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta Galizieraren Erret Akademiako kidea)
  10. Eva Pons (Zuzenbidean doktorea eta Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle titularra. Kataluniako Generalitateko Estatutua Bermatzeko Kontseiluko kidea)
  11. Begoña Garmendia (Abokatua eta Tolosako Udalean idazkaria izandakoa)
  12. Joxean Amundarain (Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Estrategiako atalburua eta Badalab partzuergoko lehendakaria)
  13. Edurne Otamendi (Donostiako Udaleko Euskara Patronatuko zuzendaria)
  14. Gontzal Lopez (Euskara Zerbitzu Korporatiboaren arduraduna Osakidetzan)
  15. Natxo Mosteiro (HABEko Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio eta Egiaztatzegintza Arloko burua. Toki-Erakundeetan Hizkuntza Normalizazio eta Hizkuntza Eskubideak arloko burua izan zen Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzan)
  16. Joan Ridao i Martin (Kataluniako Generalitateko Autogobernuaren Azterketen Institutuko zuzendaria izan zen, bai eta Generalitateko Gobernuaren Aholku Batzorde Juridikoko kidea ere. Konstituzio Zuzenbideko irakasle agregatua da Bartzelonako Unibertsitatean. Generalitateko Estatutua Bermatzeko Kontseiluko kidea eta Kataluniako Parlamentuko letradu nagusia izan da)