AKTUALITATEA


| 2025-10-23 09:31:00

Ertzaintzan betiko irizpidea aldatu eta atxilotuen jatorriaren berri ematen hasteko erabakia “ultraeskuin faxistak baldintzatuta” hartu dutela aitortu du Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, eta horixe leporatu dio gaur EH Bilduk Legebiltzarrean, ultraeskuin faxistari haren jarduna baldintzatzen uztea, alegia. Horren ildotik, atzera egiteko eskatu dio Zupiriari.

Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkidea kezkaturik agertu da Zupiriak irizpide aldaketa hori justifikatzeko eman dituen azalpenekin, horren oinarrian PPren eta Voxen presioa dagoela aitortu baitu. Sailburuaren adierazpenak “oso larriak” dira, Saez de Egilazen irudiko, “onartu duelako ultraeskuin faxistak baldintzatu egiten duela. Hemen esertzen garen 75 legebiltzarkideetatik zortzik, eta bereziki batek. Gehiengo osoa duen Gobernu batean, EAJren politikak eta posizio historikoa baldintzatzen al ditu gutxiengo horrek? Kezkagarria da. PPk eta Voxek baldintzatuta gobernatzen duzue?”.

Zupiriak ez bezala, EH Bilduko legebiltzarkideak euskal politikagintza eskuin muturraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu du. “Hilabeteak daramatzagu esaten euskal politikagintza babestu behar dugula gure mugetatik kanpo nagusitzen ari den toxikotasunetik, oldarraldi ultratik, hemen politika beste era batera egiteko baldintzak baititugu. Giza eskubideetan, elkarrekiko errespetuan eta elkartasunean oinarritutako gehiengoak dira herri honetakoak. Edo hala uste genuen”.