AKTUALITATEA


| 2025-10-16 09:02:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko haren baliabide guztiak erabil ditzala pasa den igandean Gasteizen Falangeak egindakoa bezalako elkarretaratze edota manifestazio faxistak errepika ez daitezen ez Araban, ez Bizkaian, ez Gipuzkoan. Halaber, faxismoa edo diktadura frankista goraipatzeko edozein ekitaldi publikoren “erabateko gaitzespena” eskatu du EH Bilduk, “frankismoaren biktimek merezi duten babesagatik eta herri honen sufrimenduak merezi duen errespetuagatik”. Proposamenak, atzo bertan aurkeztuak, dei egiten dio Jaurlaritzari, hirugarren puntuan, Europan faxismoaren kontra egiteko legedia aztertzeko, EAEn ezarri ahal izateko.

Gorka Ortiz de Guineak ohartarazi duenez, “fase historiko honetan neutraltasun faltsuak ez du balio, faxismoaren aurrean ekimen sendoak  behar ditugu. Euskal Herria desagerrarazi, arrazakeria, matxismoa eta homofobia sustatu edo lan-eskubideak suntsitu nahi dituztenen aurrean, ez dago neutraltasun posiblerik. Historiak erakutsi digu distantziakidetasunak ondorio politiko larriak ekarri zituela, eta egoera larri honetan hori argi izan behar dugu. Jarrera neutro horiek eskuin muturraren agenda eta marko politikoa normalizatzeko balio dute, eta hori ezin da onartu”.

“Ezin da ulertu distantziakidetasun hori, are gutxiago Euskal Herrian”, erantsi du EH Bilduko legebiltzarkideak. Izan ere, “hemen milaka pertsona jazarri, espetxeratu eta exekutatu zituzten diktadura frankistan, eta ‘Heil Hitler’ edo ‘Viva Franco’ leloak goratzen edo erreproduzitzen duten ekintzak normalizatzea errepresioa jasan zutenen berbiktimizazioa da. Beraz, gure gizartean ezin dugu faxismoaren normalizazioa onartu eta arlo instituzionaletik ere urratsak egin behar dira. Bizikidetza eta memoria historikoa babeste aldera, ezin da baimendu inolako konzentrazio faxistarik”.