AKTUALITATEA


| 2025-10-20 13:40:00

EH Bildu kezkatuta agertu da gaur ‘Eskola Bikaina Denontzat’ mahaiaren bileraren ostean, eskola segregazioaren erronkari aurre egitea xede izan behar duen prozesu horretaz Hezkuntza Saila egiten ari den erabilera dela eta. Aipatutako bilera horretan parte hartu duen Ikoitz Arrese legebiltzarkideak esan duenez, “Osasun Mahaiaren prozesuan ohartarazi genuen bezala, orain ere geure buruari galdetzen diogu ea Jaurlaritza ez ote dagoen salmenta komunikatiboarekin kezkatuago, benetan gobernatzearekin baino”.

Salatu duenez, “gaurko bileraren ostean Hezkuntza Sailak egin dituen adierazpenek ez dute bileran gertatutakoa islatzen; bere prentsa-oharra bilera egin aurretik idatzita zegoela ematen du, eta jarduteko modu hori ez da onargarria, ez dio laguntzen ez hezkuntza sistemaren kalitateari, ez eta gobernantza parte-hartzaileari ere”.

EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du “EH Bildu segregazioa amaitzearekin guztiz konprometituta dagoela, Hezkuntza Akordioan adierazi genuen bezala, baina azpimarratu behar dugu Gobernuak ez dituela jaso bere hasierako diagnostikoari egin dizkiogun ekarpenak. Gainera, prozesua aberasteko egin ditugun proposamenek ere ez dute erantzunik jaso”.

Hori guztia kontuan hartuta, Arresek Begoña Pedrosa sailburuari eskatu dio “lan egiteko modu hori alda dezala eta, halaber, Jaurlaritzak berak bere dinamika berrikus dezala”.