AKTUALITATEA


| 2024-10-10 11:41:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat defendatu du gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Justizia Administrazioan herritar guztien hizkuntza eskubideen
bermatze maila azter dezala urtebeteko epean: hizkuntza eskubideak bermatzeko hartutako neurriak, neurri horien ondorioak, bertako langile eta erabiltzaileen hizkuntza-gaitasunak, ohiturak eta -eskakizunak, bai eta erabakitzen duten hizkuntzan jarduteko dituzten oztopo eta arazoak ere.

Proposamena, baina, bertan behera utzi dute EAJk eta PSEk, erabaki zeharo ulergaitza, EH Bilduren aburuz, are gehiago kontuan hartzen bada Europako Kontseiluak neurriak eskatu berri dituela Justizia arloan euskararen erabilera bermatzeko, edota Pradales lehendakariak berak atzo bertan urte judizialaren irekieran esan zuela epaiketak euskaraz egiteko oztopoak ugariak direla eta epaileek eta fiskalek euskaraz ez jakiteak ezin dituela euskaldunen eskubideak urratu, Eraitz Saez de Egilazek gogora ekarri duenez, jeltzaleen kontraesana agerian utzita.

“Justiziaren eremua itogune bat da euskararentzat”, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, besteak beste, Jaurlaritzak duela 13 urte Justizia Administrazioan hizkuntzen erabilera normalizatzeko abian jarri zuen planaren emaitza hutsaren hurrengoa delako. “13 urte pasata, egoerak berdin jarraitzen du, gaztelera hiztunen hizkuntza eskubideen bermea erabatekoa da; euskaldunon eskubideak, ostera, sistematikoki urratzen dira, lehen eta bigarren mailako herritarrak bereizita”.

Hori behingoz aldatzeko beharra dagoela iritzita, helburu hori zeukan Saez de Egilazen gaurko proposamena. “Guk analisi sakon bat eskatzen dugu. Proposatzen dugu aztertzea ea epaitegitik kanpo euskaraz jarduten duenak epaitegiko atea zeharkatu orduko asumitzen duen ezingo duela euskaraz aritu eta horregatik hasten den gazteleraz. Ea zenbatekoak diren atzerapenak prozedura bat euskaraz egitea eskatzen denean, edota operadore juridiko batzuk oztopo diren prozedura hori euskaraz egiteko. Kasuen analisiak, epaitegien egoerak, herritarren eta justizia administrazioko langileen hizkuntza ohiturak eta gaitasunak aztertzea. Lan serio bat eskatzen dugu, ondorengo esku hartzea ondo definitzeko eta fintzeko”.