Ikoitz Arresek Hezkuntza Akordioa alde bakarrez eta inposizioz, sektoreko eragileekin kontrastatu gabe, garatzea leporatu dio gaur Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari. Pedrosa Legebiltzarrean agertu da, EH Bilduko legebiltzarkideak eskatuta, 2022ko apirilaren 7an EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk sinatu zuten Hezkuntza Akordioaren garapenari buruzko xehetasunak emateko.
Arresek Akordio haren balioa berretsi du, eta han hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio sailburuari. Izan ere, “iruditzen zaigu Hezkuntza Akordioa eta, ondorioz, Legea behar ez bezala garatzen ari zaretela, adostu gabeko norabidean, ez Akordioaren filosofiaren norabidean, eta, gainera, alde bakarrez egiten ari zarete, oso garrantzitsuak diren hainbat erabaki modu bertikalean inposatuz”.
Horren adibide dira, Arresek salatu duenez, Jaurlaritza segregazioaren kontra hartzen ari den erabaki batzuk, “modu isolatuan eta ildo koherenterik gabe”. Hala, Eskola Mapa berritzeari ekin beharrean, "ikastetxe batzuk fusionatzea planteatzen ari da, modu isolatuan eta familien eta ikastetxeen adostasuna bilatu gabe, eta hori Akordioan zehaztu zenaren kontra doa. Prozesu hauek behetik gorakoak izan beharko lukete, hezkuntza komunitate osoarekin partekatuak, baina Jaurlaritza ikastetxeen kontrakotasuna lortzen ari da, ez dituztelako planak ezagutzen”.
Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Eskola Maparen berritzea probestu beharko litzatekeela hezkuntza proiektu berriak egiteko, bultzada berri bat emateko, euskalduntzean jauzi bat emateko eta proiektu pedagogiko berrituak bultzatzeko, betiere komunitatearekin batera prozesuak martxan jarriz”.