AKTUALITATEA


| 2024-12-09 11:23:00

Arabako Errioxa krisi batean murgildurik dagoela ikusirik, EH Bilduk eskualdea suspertzeko Plan Estrategiko Integral bat garatuko duen ponentzia bat eratzea proposatu du Legebiltzarrean. Itxaso Etxebarriak adierazi duenez, “datuek argi erakusten dute Arabako Errioxak egiturazko krisi bat bizi duela; gauzak horrela, beharrezkotzat jotzen dugu ponentzia parlamentario bat abiaraztea, arazo horiek guztiak sakon aztertzeko eta balizko konponbideak bideratzeko. Ehun ekonomikoa, osasuna, hezkuntza, etxebizitza, mugikortasuna edo oinarrizko zerbitzuak jorratuko dituen ponentzia bat proposatzen dugu, eskualdea biziberritu ahal izateko eta Arabako Errioxa duintasunez bizitzeko eta lan egiteko leku bat izan dadin”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du ponentzia horren helburua “Plan Estrategiko Integral bat garatzea” izango litzatekeela, instituzio guztiak elkarlanean eta koordinatuta aritu daitezen Berehalako Ekintza Plan bat, bai eta epe luzera begira beste bat ere, gauzatzeko. Alde horretatik, plan horiei behar besteko zuzkidura ekonomikoa ematearen garrantzia azpimarratu du, eraginkorrak izan daitezen, eta, halaber, funtsezkotzat jo du plan horien diseinuan eta garapenean eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoen parte hartzea bermatzea. “Ponentzia foro egokia da parte hartze plurala bermatzeko”.

Etxebarriak Arabako Errioxako egoera demografiko eta sozioekonomikoaren erradiografia bat egin du, susperraldi baten beharra bistan uzten duena. “Mahatsondoaren monolaborantza, nekazaritza-azaleraren %75arekin, eskualdeko ahulezia handienetako bat da, baina ez da arazo bakarra. Izan ere, 2020ko datuen arabera, Arabako Errioxak EAEko Barne Produktu Gordin altuena zeukan, baina errenta pertsonal erabilgarri baxuena, batez bestekoaren oso azpitik, upategi gutxi batzuen etekinek datu orokorrak desitxuratzen baitituzte. 2015etik 2023ra bitartean 96 upategi itxi dira eskualdean eta 700 lanpostu galdu dira, eta EAEn Arabako Errioxa hirugarren postuan dago, langabezia-tasa handiena duten eskualdeen artean. Oionek, adibidez, %12ko langabezia-tasa du”.

Industriak eskualdean duen pisu txikiaz ohartarazi du Etxebarriak. “Arabako Errioxak 18 industrialde ditu, baina lurzoru industrialaren %46 bakarrik erabiltzen da egun jarduera ekonomikoetarako, gehiengoa hutsik baitago”.

Erantsi duenez, “despopulazioa ere agerikoa da, eskualdeko 15 udalerrietatik bederatzik 400 biztanle baino gutxiago dituzte, eta saldo begetatiboa negatiboa da. Etxebizitza eskaintza eskasa da eta herri gehienetan zailtasunak daude etxebizitza eskuragarria aurkitzeko, batez ere gazteentzat. Etxebizitza guztien ehuneko handi bat bigarren etxebizitzak dira, eta udalerri batzuetan etxebizitza hutsen ehunekoa oso handia da, %50etik gorakoa. Gainera, azken urteetan pisu turistikoak azkar ari dira ugaritzen, tentsioak eta etxebizitzen garestitzea eraginez”.

Azkenik, Osasun arloari dagokionez, “Lezako ospitalea gutxiegi erabiltzen da, eta gizarte eta zaintza zerbitzuak indartu behar dira, gaur egun oso zahartuta dagoen biztanleriaren eskaera gero eta handiagoari erantzun ahal izateko”.