EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak Emergentziak ESI-Erakunde Sanitario Integratuaren antolaketa eta funtzionamendua eraldatzearen alde agertu da gaur, zerbitzuari ikuspegi integral bat emateko. Izan ere, Alberto Martinez Osasun sailburua Legebiltzarrean agertu da, Uberak berak eskatuta, Emergentziak ESIko egoera zuzentzeko hartu nahi dituen neurriak azaltzeko.
Uberak Emergentzietan dauden arazoei “sustraietatik heltzeko” eskatu dio, “behingoz berrantolaketa sakon bati ekiteko”. Alde horretatik, EH Bilduren ordezkariak “ikuspegi integral bat” galdegin du, Emergentziak ESIa koordinazio zentroetara eta bizi euskarri aurreratuko anbulantzia medikalizatuetara mugatu ez dadin. “Proiektuak harago joan behar du, oinarrizko bizi euskarriko anbulantziak ere barne bildu beharko lituzke, bai eta osasun garraio programatua ere. Osakidetzak ez dio izaera asistentziala ematen, baina Nafarroan hala egingo dute, Emergentzietan integraturik, eta horrek baliabideak hobeto banatzea eta antolatzea ahalbidetuko du, herritarren hobe beharrez”.
Uberak adierazi duenez, Emergentzietan gaur egun dagoen “zatiketa hori amaitu beharra dago eta, larrialdien ikuspegi integral horretatik, bigarren urrats gisa, proiektu integral bat marraztu beharko genuke, Etengabeko Arreta Guneak eta ospitaleetako Larrialdiak txertatuta eta koordinazio zentroek mobilizatzen dituzten etxeko larrialdi zerbitzuak ere kontuan hartuta”.