AKTUALITATEA


| 2024-12-05 12:11:00

EH Bilduren legez besteko proposamen bat onartuta, Legebiltzarrak urratsa egin du gaur Jaurlaritzak Bidasoaldeko Ospitalea, Hondarribian, mugaz gaindiko ospitale bilakatu dezan. Zehazki, Rebeka Ubera legebiltzarkidearen ekimena aintzat hartuta, Osasun Sailak aztertuko du, “betiere Ipar Euskal Herriko osasun zerbitzuekin elkarlanean”, zer nolako aukerak dauden norabide horretan aritzeko. Izan ere, Uberak azaldu duenez, “Bidasoaldeko Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) Plan Zuzentzailearen inguruan eta eskualdean izan beharreko zerbitzu zorroaren eta azpiegituren inguruan egiten ari den eztabaida momentu aproposa da mugaz gaindiko ospitalearen ideia aztertzeko eta, finean, Bidasoaldeko Ospitaleak Bortzirietako eta Ipar Euskal Herriko biztanleak ere normaltasunez artatzeko”.

Ezker independentistako legebiltzarkideak mugaz gaindiko izaera horrek ekarriko lituzkeen onurak azpimarratu ditu. “Mugaren alde bietan bizi diren herritarren osasun arreta hobetzea, sistemarako sarbidea erraztea, hurbiltasuna eta baliabideen optimizazioa ekarriko luke, bai eta herri ikuspegian sakontzea ere, Euskal Herria osatzen duten hiru eremu administratiboen arteko elkarlanean sakontzea ahalbidetuko lukeelako”.

Bidasoaldeko Ospitalea mugaz gaindiko ospitale bilakatzeko proposamenak urteak daramatza mahai gainean, Uberak gogorarazi duenez, baina gauzatu gabe jarraitzen du oraindik. Bere iritziz, “orain da unea, Bidasoaldeko ESI-an erabakiak hartuko direlako orain, bertako plan funtzionala zehaztuz”. Hori dela eta, “momentua da elementu guztiak aztertzeko eta epe luzera begirako proiektu berritzaile eta ona diseinatzeko, bertako erakunde, eragile, profesional eta herritarrekin batera, Lehen Arretatik hasita, ospitalea kontuan hartuta eta ESIko elementu guztiak barne hartuta”.

Gaur egun Bidasoako Ospitalea mugaren alde bietako larrialdiak artatzen ditu, Ipar Euskal Herriko emergentzietako zerbitzuekin koordinatuta, baina, Uberaren ustez, “bere eragin-eremua zabaltzeko eta mugaz gaindiko ospitale bihurtzeko aukera ona dugu orain, Bidasoaldeko ESIaren zerbitzu zorroari eta azpiegiturei buruzko eztabaida irekita dagoela baliatuz”.