AKTUALITATEA


| 2023-12-14 13:44:00

EH Bilduk 114 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege Proiektua hobetzeko, Jaurlaritzaren lege proiektuari “anbizioa, zehaztapena, helburu argiak eta helburuak lortzeko mekanismoak” falta zaizkiolako, Mikel Oterok adierazi duenez. “Proiektua erabat eraldatu” beharra azpimarratu du, legeak “klimaren eta energiaren egoera aldatzeko indarra” izan dezan.

EH Bilduko legebiltzarkideak premiazkotzat jo du Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea legealdia amaitu aurretik onartzea, horretarako aukera ere ikusten du eta, bere iritziz, onartezina litzateke hala ez egitea. “Premiazko ahalegina egin behar da lege on bat onartzeko, klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta energia berriztagarrietarantz hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa egiteko tresna guztiak behin betiko hedatzeko presa dagoelako”.

Oterok lege horren inguruko akordio batek jaso beharko lituzkeen ardatz nagusiak azaldu ditu, eta EH Bilduk akordio hori lortzeko borondate osoa duela aurreratu du. Nabarmendu duenez, “legeak seinale argi bat bidali behar du erregai fosilak bertan behera uztearen alde, eta horrek Energiaren Euskal Erakundeak bere norabidea aldatzea eskatzen du”. Alde horretatik, legeak “erregai fosiletan desinbertitzeko plan bat” jaso beharko luke, “2030erako Jaurlaritzak erregai fosilak esploratzera, ustiatzera, fintzera edo prozesatzera bideratutako edozein motatako gizarte, enpresa, ekimen edo proiektutan zuzenean edo zeharka parte hartzeari uzteko, erregai fosilak erreta elektrizitatea sortzeko jarduerak barne”, diru hori guztia energia berriztagarrietan berrinbertitzeko.

Halaber, Oterorentzat funtsezkoa da legeak klima aldaketaren aurkako borrokan eta energia berriztagarriak hedatzeko abiarazi beharreko “ekintzak finantzatzeko mekanismo argiak” izatea. Horretarako, lau mekanismo proposatu ditu:

  1. Gutxieneko aurrekontu bat ezartzea ekintza horiek finantzatzeko, EAEko Aurrekontu Orokorren %2,5 izango litzatekeena.
  2. Funts sozial klimatikoa ezartzea, ekintza klimatikoa finantzatzeko ez ezik, baliabide gutxiago dituzten pertsonak atzean ez uzteko ere, eta egin beharreko eraldaketaren eraginpean dauden sektore eta eskualdeetan konpentsazio-neurriak ezartzeko.
  3. Lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarriak ezartzeagatiko kanona sortzea, eragindako eremuetan ingurumen eta sozioekonomia arloko konpentsazio neurriak sustatu ahal izateko.
  4. Sektore publikoaren aktibo fosilak besterentzearen ondorioz lortutako baliabideak trantsizio energetikoan berriz inbertitzeko betebeharra ezartzea.

Norabide horretan ere, “legeak helburu argiak zehaztu behar ditu 2030. urteari begira, isuriak eta energia-kontsumoak murrizteko eta energia-matrizean berriztagarriak  sartzeko. Gobernantza mekanismo klimatiko eta energetikoak ere hobetu behar ditu, plangintzan adituen irizpideak txertatuz: horretarako, besteak beste, adituen batzorde bat sortzea proposatzen dugu, eta klima-batzarren funtzioak asko zehazten ditugu”.

Horren haritik, azken egunotan Dubain egindako COP28 gailurrarekin lotu du Oterok Legebiltzarrean tramitatzen ari den legea. “Lehen aldiz mezu bat bidali da erregai fosil guztiei buruz, horien erabilera sistema energetikotik kanpo uztera jo behar dugula onartuz. Nolabait, erregai fosilen amaieraren hasiera da, eta mezu hori da, hain justu, Legebiltzarrean eskuartean dugun legearekin konektatu behar duguna”. Izan ere, arlo horretan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian dugun “errealitatea deserosoa da, erregai fosilak gure sistema energetikoaren %84 baitira, eta gure isurien balantzea Europako batez bestekoaren gainetik dagoelako, Estatuko batez bestekoaren gainetik ere, nabarmen; eta mundu osoko batez bestekoa baino askoz altuago. Hori dela eta, onartezina izango litzateke legealdia amaitzea Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege on bat onartu gabe”.