Hemendik hilabete eskasera, uztailaren 10ean, Osakidetzak behin-behineko 690 kontratu amaitutzat emango ditu eta, ondorioz, 690 langile kalera joango dira, Europar Batasunetik etorritako epaiek behin-behinekotasun tasa murrizteko agindu argia eman baitiete Estatuko erakunde guztiei, urteetan, iruzur eginez, egiturazko beharrak modu koiunturalean bete dituztelako, Rebeka Uberak azaldu duenez. “Honek ondorioak izango ditu osasun arretaren kalitatean, Osakidetzako plantilla murriztea ekarriko duelako, orain arte egunerokoan lanean egon diren pertsonak ez direlako egongo”.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak proposamen argia eta zehatza egin du: 690 lanpostu horiek eta egoera berean egon daitezkeen beste guztiak –abenduaren 31n 1.905 gehiago izango dira– premiaz azaleratzea eta egiturazko bilakatzea. EAJk eta PSEk, baina, atzera bota dute proposamena, osasun sistema publikoa ahultzea ontzat emanez. Izan ere, Uberak esan duenez, “Osakidetzako langile horiek sistemak dituen beharrak betetzen egon dira; beraz, lanpostu horiek beharrezkoak dira eta kodifikatu beharko lirateke, erregularizatu beharko lirateke, eta ez dugu ulertzen zergatik ez ziren kontuan hartu 2022an lanpostuak egonkortzeko egin zen Lan Eskaintza Publikoan”.
EH Bilduko ordezkariaren iritziz, egoera honen atzean Osakidetzan urteetan egin den Pertsonal politika dago, kontratazio politika, alegia. “Planifikazio falta egon da, kontratazio eredu bat egiturazko beharrak modu koiunturalean betetzeko, nahiz eta Europako epaitegiek behin baino gehiagotan berretsi duten sistema hori iruzurrean oinarritzen zela”.