Trantsizio energetikoa ez da bidezkoa izango, sozialki adostua ez bada. Konstatazio hori abiapuntu, EH Bilduk herritarren parte-hartzerako mekanismoak, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legean adostu zirenak, alegia, martxan jartzeko eskatu dio gaur Jaurlaritzari.
Ander Goikoetxea legebiltzarkideak lege horren balioa berretsi du, “gizarte- eta ingurumen-trantsizio bidezko baterako aukera” ematen baitu. “Lege aurrerakoi eta estrategikoa da, trantsizio ekologiko eta soziala aldaketa sistemiko gisa ulertzen duelako, eta erantzun integralak planteatzen dituelako. Bere printzipio gidariak, helburu klimatiko zehatzak, gobernantza mekanismoak eta parte-hartze egiturak nazioarteko mailan eredugarriak izan daitezke”.
Horrek guztiak, baina, herritarren parte-hartzea eskatzen du, legea onartzean EH Bilduk, EAJk eta PSEk adostu zuten bezala, eta horri heldu dio Goikoetxeak, parte-hartzerako mekanismoak abian jar daitezela eskatuz. Zehazki, legean aurreikusi ziren Itun Soziala eta Herritarren Batzarra sor ditzala eskatu dio Jaurlaritzari, “bi figura hauek klima-politiken demokratizazioan funtsezkoak baitira, justizia klimatikoaren ikuspegiari erantzuteko”.
Hala, koalizio abertzalearen proposamena izan da, batetik, Itun Soziala garatzeko mahai bat sortzea eta, bestetik, Herritarren Batzarra sortzea. Itun Soziala dagokionez, Goikoetxeak azaldu du “trantsizio ekologikoaren aldeko gizarte adostasuna eraikitzeko mekanismoa” izan behar dela. Herri ordezkaritza zabalak osatuko luke mahai hori, hala nola alderdi politikoek, sindikatuek eta talde ekologistek.
Herritarren Batzarra, bestetik, hausnarketa eta ezagutza kolektiboa sortzeko foroa izango litzateke, eta herritarrei aukera emango lieke informazioa jasotzeko, eztabaidatzeko eta adostasunak lortzeko, klima neutraltasunera lehenbailehen iritsi ahal izateko. Bere funtzionamenduari buruz, Goikoetxeak zehaztu du zein izan behar duten printzipio nagusiak: ordezkagarritasuna, inpartzialtasuna, independentzia, gardentasuna eta informaziorako sarbidea.
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, mahaiak, batetik, eta herritarren batzarrak, bestetik, Euskal Itun Soziala elikatuko lukete, legean jasotako helburuak lortzeko gomendioak jasoz eta arreta berezia jarriz energia berriztagarrien hedapenean nahiz energia kontsumoa murrizteko politiketan. “Akordio honek Lurralde Plan Partzialak berrikustea ekarriko luke, elikadura, industria, mugikortasuna, klima aldaketarako egokitzapena eta energia azpiegituren kokapenak ordenatuko lituzkeena, eskualde eskalan.