AKTUALITATEA


| 2025-06-12 11:04:00

EH Bilduk erronka demografikoari heldu dio gaur Legebiltzarrean, eta proposamen bat mahaigaineratu du familia prestazioen sistema unibertsal bat martxan jartzeko, Jaurlaritzaren beraren Familiei Laguntzeko IV. Planak zioenaren ildotik. Zehazki, seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza 18 urte bete arte, modu progresiboan, luzatzea proposatu du Edurne Benito del Vallek, bai eta zerga-kenkariak hobeto integratzeko aukerak aztertzea ere, “zerga-kenkari unibertsala bermatzeko, errenta txikia duten familiak kanpo gera ez daitezen”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du bere proposamena bat datorrela Familiei Laguntzeko Jaurlaritzaren IV. Planak jasotakoarekin eta hainbat erakunderen (Save The Children, Unicef eta Hirukide) babesa duela. Hori horrela, ulertezina da ezker subiranistaren proposamenari EAJk eta PSEk eman dioten ezezkoa. “Gaur ez dute onartu, baina goizago edo beranduago neurri horiek martxan jarriko dira. Kontua da zenbat denbora gehiago galduko duen Jaurlaritzak. Zilegi da galdetzea zergatik ez duen bete Familiei Laguntzeko IV. Planak zioena, edo zergatik ez duen oraindik aurkeztu V. Plana, duela hiru urte eginda behar zuena. EAJ eta PSE denbora galtzen ari dira erronka demografikoari modu eraginkorrean heltzeko eta haurren pobreziari aurre egiteko”, eta bitartean datuan okerrera egiten ari dira. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaiotze tasa berriro jaitsi da, eta baxuena da 1975az geroztik, eta, Save The Children-en txosten baten arabera, EAEko haur eta nerabeen %24 lan pobrezia egoeran bizi dira. Benito del Valleren iritziz, “bistan da familiak eta haurrak babesteko politikak ez direla ez Gobernu honen, ez aurrekoaren lehentasuna izan, eta politika eraginkorrak behar ditugula”.