AKTUALITATEA


| 2025-06-05 09:12:00

EH Bilduk Eusko Label sistemaren inguruko eztabaida ipini du gaur mahai gainean Legebiltzarrean, Jaurlaritzak, Europar Batzordeak aginduta, Euskal Esnearen Labela bertan behera utzi izanak eragindako kezkak bultzatuta. Itxaso Etxebarriak azaldu duenez, Lakuako Gobernuak Euskal Label guztiak egokitu behar ditu orain Europako araudira, eta horrek EAEtik kanpoko produktuak hemengo labelarekin merkaturatzea ekar dezake. “Eusko Label sistema, gure produktuen jatorria bermatzen duen sistema, kontsumitzaileen artean gehien baloratzen den ezaugarria, kolokan dago. Labela duen produktu bat erosterakoan, ez dugu bermaturik izango hemengoa dela, kalitate aldetik baldintzak betez gero, Riojako edo Andaluziako produktuek ere, esaterako, hemengo labela eduki ahalko dute”.

Arazoaren jatorrian, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, Jaurlaritzaren egoskorkeria dago, Nafarroako Gobernuak hango labelak bermatzeko erabilitako formula baliatzeari uko egin ziolako 2021ean, Idiazabal Jatorri Deiturak bidea hori zela planteatu zionean. EAJ-PSE Gobernuak ez zuen eskaintza hura aintzat hartu, orain arte indarrean egon den sistemarekin tematu zen, eta orain Europak esan dio sistema hori bateraezina dela europar araudiarekin eta, ondorioz, Euskal Esnearen Labela bertan behera uzteaz gain, orain gainontzeko label guztiak berrikusi eta egokitzera derrigortuta dagoela.

Etxebarriak Jaurlaritzaren egoskorkeria salatu du, gaur egun mahai gainean dagoen arazoa erraz saihesteko aukera izan zuelako, eta egia ez esatea egotzi dio Nekazaritza sailburuari, arazoa ukatu baitzuen, EBren ebazpenak ez zuela labelen sisteman eragingo ziurtatzeraino. “EH Bildutik ohartarazi genuen gauzak ez direla ondo egin, Jaurlaritzaren egoskorkeriaren ondorioz, labelen egungo sistema arriskuan dagoela, eta sailburuak ezetz, dena ondo zegoela. Baina gaur EAJk eta PSEk ekarri duten zuzenketak argi eta garbi uzten du arrazoia geneukala, frogatzen du baietz, orain sistema egokitu behar dela, eta kezkarako motiboak egon badaudela, litekeena delako gure labelaren babespean hemendik kanpoko produktuak ere merkaturatzea, eta hori kaltegarria litzateke guztiz hemengo ekoizleentzat eta, oro har, herritar guztientzat”.

Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu dio, EBren araudia kontuan hartuta eta foru aldundiekin zein lehen sektoreko eragileekin lankidetzan, “EAEko tokiko produktuak eta horien kalitate bereizgarriak sustatzeko eta babesteko bide ezberdinak azter ditzala, sektore bakoitzeko ekoizleei horien artean komenigarriena aukeratzeko ahalmena emanez”.