Gardentasun lege proiektuari aurkeztutako zuzenketak tramitatu eta eztabaidatu dituen ponentzia parlamentarioak bere lanak amaitu ditu gaur goizean, eta, tamalez, bertan agerian geratu da ez EAJk, ez PSEk ez dutela borondaterik politika publikoetan gardentasuna indartu eta areagotuko lituzketen neurriak eta mekanismoak aktibatzeko. Gauzak horrela, Lamia Arcasek iragarri duenez, “EH Bilduk Gardentasun Legearen kontra bozkatuko du, gabezia nabarmenak dituelako eta aukera galdua delako gardentasun erreal eta eraginkorraren aldeko apustu politiko sendo bat egiteko”.
Arcasek gogorarazi du lege honen tramitazioan koalizio independentistak helburu zeukala gardentasun indartua, betebehar eta kontrol zorrotzak, jardunbide egokien erregulazioa eta arau-aztarnaren trazabilitatea bermatzea. “Horretarako, 127 zuzenketa aurkeztu genituen. Batetik, legean anbiguotasuna ekidin, zehaztasun juridikoa eman eta legeak praktikan funtzionatuko zuela ziurtatu nahi genuen; bestetik, Gardena-Gardentasunaren Agintaritzaren eredu instituzionalaren independentzia bermatu nahi genuen, balizko injerentzia politikoak saihestea funtsezkoa delako. Hala ere, EAJk eta PSEk, gure proposamen guztietatik, 107 atzera bota dituzte, eta argi utzi dute, beraz, euren asmoa ez dela norabide horretan urratsak egitea. Ondorioz, Legebiltzarretik aterako den legea ez da aurrerapauso kualitatibo bat izango politika publikoetan eta administrazioen kudeaketan gardentasuna indartzeko”.
Hala, legeak ez du urrats kualitatiborik egingo Gardena-Gardentasunaren Agintaritzaren jardunaren independentzia bermatzeko, ezta babes neurriak eta mekanismoak ezarriko ere salaketa bat egiten duten edo irregulartasun baten berri ematen duten informatzaile guztien eskubideak bermatzeko.
Lobby edo interes-taldeen jarduna ere behar bezala arautu gabe geratuko da. “Guk legearen atal horren erredakzioa eta egitura eraldatzea proposatu genuen, kargu zein langile publikoen eta lobby horien arteko harremanak arautzeko, betiere Administrazioaren kudeaketan gardentasuna bermatzeko eta interes-taldeek izan dezaketen eragin-jarduera kontrolatzeko, baina EAJk eta PSEk ez dituzte gure zuzenketak aintzat hartu”.
“Eta gauza bera gertatu da, baita ere, Herritarren Parte Hartzerako Legeaz eta adimen artifizialaren inpaktuaz egin ditugun ekarpenekin”, erantsi du Arcasek. “Uko egin diote Herritarren Parte Hartzerako Lege Proiektu bat aurkezteko obligazioa onartzeari, nahiz eta agerikoa den kontsulta prozesuak arautzea premiazkoa dela, eta mespretxatu egin dute adimen artifizialak dagoeneko duen inpaktua, etorkizunean are handiagoa izango dena. Ingurune teknologiko berriak herritarren eta erakundeen arteko harremanak eraldatzen ari dira, eta gardentasun publikoa errealitate berri horretara egokitu behar da. Izan ere, herritarrek eskubidea dute jakiteko nola prozesatzen diren beraien datuak. Horregatik, legeak gardentasun digitala printzipio gidari gisa aitortzea proposatzen genuen. Besteak beste, Algoritmoen Erregistro Publikoa eta Datu Irekien Atari Bakarra sortzea planteatu genuen, bai eta sistema digitaletan software librea edo kode irekiko softwareak lehentasunez erabiltzea ere, baina hori ere atzera bota dute”.