EH Bilduko bozeramaile Pello Otxandianok “herri honi bultzada emateko beste politikagintza bat” behar dela adierazi du gaur Legebiltzarrean, eta, gogoeta horren haritik, “alderdien logika gainditu eta ezinbestean behar dugun herri logika batera salto egiteko” eskatu dio Imanol Pradales lehendakariari. “Une honetan bi logika horiek elkarren kontra ari dira” Jaurlaritzan bertan, Otxandianoren iritziz, EAJk eta PSEk gehiengo osoarekin gobernatzen badute ere, bistakoa delako “gehiengo oso horrek ez duela estabilitaterik ematen, gauza gehiegitan ez daudelako ados, eta askotan desadostasun horiek oztopo direlako aurrera egiteko. Eta susmoa daukagu alderdi logika horiek areagotuko direla hauteskundeak hurbildu ahala”.
Egoera horren adibide paradigmatikoa da, Otxandianoren aburuz, hizkuntza eskakizunen sistema blindatzeko lege erreformarekin gertatzen ari dena, EAJren eta PSEren arteko desadostasuna tramitazioa blokeatzen ari baita. Bada, EH Bilduko bozeramaileak afera horretan lidergoa hartzeko eskatu dio lehendakariari, “aukera bat daukagulako herri logika batera salto egin eta afera honi konponbide inklusibo bat emateko”. Izan ere, ohartarazi du, “blokeoa ez da aukera bat”.
Hizkuntza eskakizunen araubidearen aurkako ofentsiba judiziala gelditzeko beharra premiazkoa dela berretsi ostean, Otxandianok adostasun zabala lortzeko aukera egon badagoela ziurtatu du. “Herri logika baten baitan, printzipioetan sendoa den eta aldi berean malgua eta inklusiboa den soluzio bat planteatu dezakegu, tradizio politiko desberdinok parte izan gaitezkeen soluzio bat, hain zuzen”.