Azken datu ofizialen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren delitu guztietatik, %20 ziberdelituak dira, eta gero eta gehiago dira: 2017az geroztik 9.000 izatetik 28.000 izatera igaro dira, eta, hainbat ikerketaren arabera, benetako kopuruak are altuagoak dira, Gorka Ortiz de Guinea EH Bilduko legebiltzarkideak gaur azaldu duenez. “Elefantea gela erdian”, bere hitzetan, nahiz eta hedabide gehienek titularrak beste toki batzuetan ipini ohi dituzten segurtasunaz hitz egiten dutenean.
Ziberdelituek segurtasun arloan duten pisua hain handia izanda ere, Ertzaintzan 26 agente baino ez daude horrelakoak ikertzen dituen unitatean. “26 ertzain 28.000 delitu ikertzeko; bistakoa da ez direla nahiko”, ohartarazi du Ortiz de Guineak.
Egoera hori zuzentzea helburu, EH Bilduk mozio bat defendatu du gaur Legebiltzarrean, Ertzaintzan ziberdelituei aurre egiteko baliabideak (giza baliabideak zein materialak) indartzeko, eta hala adostu du EAJ eta PSErekin. Akordioaren arabera, Jaurlaritzak giza baliabideak indartuko ditu Ertzaintzaren Enplegu Planaren barruan, eta baliabide teknikoak eguneratu eta modernizatu, zibersegurtasunaren ikuspegitik. Halaber, Arkautiko Akademian ziberdelituen inguruko prestakuntzak bere tokia eta garrantzia izango du ikasketa-planen barruan, besteak beste, biktimak modu egokian artatzeko.
Ortiz de Guinea pozik agertu da akordioarekin, “garrantzitsua delako guztiok konturatzea ziberdelikuentzia tsunami bat dela eta gure poliziak oso ondo prestatuta egon behar duela”. Izan ere, “segurtasuna modu integralean ulertu behar da, eguneroko bizitzako esparru guztietan, eta, alde horretatik, zibersegurtasunak lehentasun estrategikoa izan behar du. Elkarlana, prebentzioa, berrikuntza, eskubideak eta erantzukizun publikoa uztartzen dituen segurtasun eredu moderno baten aldeko apustua egin behar dugu, gero eta digitalizatuago dagoen gizarte honetan, inor babesik gabe gera ez dadin”.