EH Bilduk sei zuzenketa aurkeztu dizkie guztira Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko mahai gainean dauden bi lege proposamenei, koalizioak berak sinatutakoari zein EAJk proposatutakoari.
Josu Aztiriak azaldu duenez, “gure lege proposamenaren garapena findu eta zehaztu dugu lau zuzenketaren bitartez, progresibotasun indizea definitzeko nagusiki; hau da, indize hori kalkulatzeko modua zehazten dugu, nola kalkulatu zenbat plazatan geroratu daitekeen euskara eskakizuna. Indize hori legean bertan jasotzeak segurtasun juridiko handiagoa emango dio sistemari; hala gomendatu digute hainbat legelarik legearen tramitazioan. Gainera, adostasuna lortzeko borondatea adierazteko modua dela uste dugu, progresibotasuna eta malgutasuna zehazteak akordio inklusibo bat erraz dezakeelako EAJ, PSE eta Sumar alderdiekin”.
EAJk aurkeztu zuen lege proposamenari dagokionez, EH Bilduk bi zuzenketa egin dizkio. Batetik, enplegu publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialak ezagutzea nahitaezkoa izan behar delako printzipio orokorra ezartzeko; bestetik, progresibotasun indizea txertatzeko, Enplegu Publikoaren Legearen 187. artikulua aldatuz, euskara eskakizuna zein plazatan geroratu daitekeen zehazteko.