AKTUALITATEA


| 2026-04-23 10:37:00

EH Bilduk 20 zuzenketa aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean, sustapen izaerako tradiziozko zezen ikuskizunak arautzeko EAJk eta PSEk tramitatu zuten lege proposamenaren gabeziak konpontzeko. Lege horrek adingabeek parte hartzen duten herri izaerako zezen jaialdiak arautzea du xede, baina gobernukideen jatorrizko proposamenak ez du zehazten zein adinarekin parte hartu ahalko duten ikuskizun horietan. 16 urtetik beherakoek parte hartu ahalko dutela baino ez du esaten, gutxieneko adin bat ezarri gabe, eta hori da hain justu EH Bilduk zuzendu nahi duena.

Ez da arrazoizkoa, arriskutsua delako, bi, hiru, lau urteko umeen parte-hartzea legez ahalbidetzea, EAJk eta PSEk planteatzen duten bezala”, ohartarazi du Eraitz Saez de Egilazek, eta gutxieneko adin bat ezarri beharra azpimarratu. Hala, koalizio abertzalearen proposamenak 12 eta 16 urte artekoei bakarrik ematen die jaialdi horietan parte hartzeko aukera, eta 6 hilabetetik beherako txahalak erabiltzea debekatzen du, etxeko animalien babeserako legean xedatutakoari jarraituz.

Halaber, EH Bilduk Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak online plataforma bat sortzea proposatu du, aitak, amak edo legezko tutoreak aurretiaz aurkez dezaten adingabeak jaialdian parte hartzeko baimen idatzia, bai eta 14 urtetik beherako parte-hartzaileen laguntzaile izango direnen datuak ere.

EH Bilduk legean xedapen iragankor bat gehitzea ere proposatu du, “Jaurlaritzak, adin txikikoen babesa bermatu asmoz, lege honek adin txikikoengan izan dezakeen inpaktua azter dezan legea bera indarrean sartu aurretik”. Izan ere, EAJren eta PSEren lege proposamenak ez ditu betetzen Jaurlaritzaren edozein lege proiektuk dituen betebeharrak, hala nola Haurtzaro Legeak exijitzen duen aurretiazko inpaktu txostenaren betebeharra. Horregatik, azaldu du Eraitz Saez de Egilazek, “moduren batean Jaurlaritzak adin txikiko pertsonen babesa bermatu eta beharrezkoa den txosten hori egingo duela ziurtatu nahi dugu xedapen honen bidez”.