EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko ostalaritzako establezimenduetako onarpen zerbitzua arautzen duen erregelamendua berrikusi eta aldatu dezala, beharrezkoa denean kautelazko neurriak hartzea ahalbidetzeko, besteak beste. Ekimen horren helburua, esan du Gorka Ortiz de Guineak, “oso argia da: berriz ere ez gertatzea Gasteizko Mitika diskotekan gertatu zena; han atezainak bezero bat hil egin zuen, eta uste dugu horrelakoak saihestu litezkeela araudia argiagoa izan eta zorrotz beteko balitz”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “ostalaritzako establezimenduetako atezainen edo onarpen zerbitzuko langileen funtzioak eta betebeharrak arautzen dituen erregelamenduak ezartzen du zer nolako baldintzak bete behar dituzten langile horiek, bai eta lizentzia kentzeko arrazoiak ere, beren funtzioetan jardutean indarkeriazko portaera argia dutenean, adibidez”. Hala ere, “Segurtasun sailburuak atzo bertan Legebiltzarrera bidali zuen erantzunak (https://labur.eus/nqfxw4vt) argi uzten du Jaurlaritzak hainbat muga dituela horrelako kasuetan lizentzia kentzeko, eta hain justu horregatik uste dugu erregelamendu hori aldatzea beharrezkoa dela, horrelakoetan, balizko indarkeriazko portaeren aurrean, kautelazko neurriak aplikatu ahal izateko”.
Diskoteka, pub eta abarreko atezainen gaineko kontrolari dagokionez instituzioen artean dagoen koordinazio falta ere agerian utzi du sailburuaren erantzunak. Hortaz, bere mozioan EH Bilduk proposatu du “administrazio eskudunen artean eginkizunak banatzeko modua argitzea eta erraztea” erregelamenduan, “lizentzia kentzeko kausa izan daitezkeen jarduerak kudeatzeari eta jakinarazteari dagokienez”. Halaber, lizentzia lortzeko langile horiek egin beharreko proba teorikoetan, praktikoetan eta psikoteknikoetan eduki gehiago sartzea eskatu du koalizioak.