AKTUALITATEA


| 2021-06-24 15:36:00

Jaurlaritzaren lege egitasmoen tramitazio parlamentarioaren baitan, Mikel Oterok 109 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Natura Ondarea Kontserbatzeko lege proiektuari, eta beste 38 Ingurumen Administrazioaren lege proiektuari, bi kasuetan osoko zuzenketa egitea baztertu ondoren.

Natura Ondarea Kontserbatzeko Legeari dagokionez, EH Bilduko legebiltzarkideak Gobernuak Legebiltzarrera igorritako testuan atzemandako hutsuneak betetzea du helburu. Oteroren esanetan, “Jaurlaritzak erakutsi du ez duela borondate politikorik biodibertsitatean eragiten duten presioei eta muinean dauden kausa zuzenei aurre egiteko; bere lege proiektuak ez ditu horiek identifikatzen eta, beraz, ez die aurre egiten”.

Horren aurrean, “EH Bilduk zuzenketen bitartez proposatu dituen aldaketek legea hobetzea eta biodibertsitatearen galerari aurre egitea ahalbidetuko dute, eta hori bereziki garrantzitsua da Jaurlaritzak berak onartu berri duelako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biodibertsitatearen kontserbazio-egoera hobetzeko modukoa dela eta interes komunitarioko habitaten % 69k kontserbazio-egoera eskasa duela”.

Hori dela eta, koalizioak planteatzen dituen lehentasunak honako hauek dira:

  • Koordinazio-batzorde bat sortzea natura ondarearen arloan eskumena duten administrazioen artean. “Koordinazio eta lankidetza falta da gaur egun lege honen helburuak betetzeko arazo handienetako bat”.
  • Administrazioei baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago ematea. “Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek natura ondarea zaintzeko gaur egun dituzten plantillak oso murritzak dira, gai horretan duten interes eskasaren isla”.
  • Gizartearen parte-hartzea sustatzea maila guztietan.
  • Natura Ondarea Kontserbatzeko Euskal Funts Publikoa sortzea. “Funts horrek natura ondarea zaindu eta hobetzeko ekarpen publiko zein pribatuak jasoko ditu”.

Ingurumen Administrazioaren Legeari dagokionez, EH Bilduren zuzenketek eremu horretan udalek betetzen duten funtzioa indartzen dute, bai eta inspekzioa ere. Izan ere, 5.000 biztanletik beherako udalerriei ingurumen arloko zaintza zerbitzua emateko aldundien obligazioa legean txertatzea proposatzen da. Halaber, demokratizazioa sustatze aldera, koalizioak herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko mahaiak sortzea eta ingurumenean eragin handia duten jarduerei buruzko herri kontsultak deitzeko aukera planteatzen du.