AKTUALITATEA


| 2024-09-25 12:59:00

EH Bilduk lotsagarritzat jo du Estatuaren biktimen ordezkaritza Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritza Kontseilutik kanpo uzteko EAJren eta PSEren erabakia. Izan ere, legean xedatutakoari jarraituz, Legebiltzarrak memoriaren sustapenean eta bizikidetza demokratikoaren defentsan aritutako bost kide independente izendatu ditu gaur organo horretan, baina EAJk eta PSEk EH Bilduk aurkeztutako Pilar Garaialde Estatuaren biktimaren hautagaitza bazterrean utzi dute. Talde parlamentarioen ordezkaritzaren arabera bi kide izendatzea zegokionez, koalizio subiranistak Pilar Garaialde bera eta Paco Etxeberria auzitegi-medikua proposatu zituen, baina EAJk eta PSEk Garaialde Gogoratik kanpo utzi dute, euren lau hautagaiak izendatu ahal izateko.

Talde parlamentarioen arteko proportzionaltasuna urratzeaz harago, EAJk eta PSEk “Estatuaren biktimak berriro ere baztertu” dituztela azpimarratu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, “eta hori oso larria da, iraingarria Estatuaren biktima guztientzat”. Arzuagak “biktima guztiak, salbuespenik gabe, aitortu beharra” aldarrikatu du, eta “biktima guztiak eta sufrimendu guztiak aintzat hartuko dituen memoria inklusibo” baten aldeko EH Bilduren konpromisoa berretsi. “Horregatik aurkeztu genuen Pilar Garaialderen hautagaitza, Gogorak Estatuaren biktimei ere, euren sufrimenduari, erreparatu behar dielako. ETAren biktimek tokia dute Gogoran, eta ondo dago, eta horregatik Maria Jauregi eta Josu Elesperen hautagaitzak babestu ditugu, baina EAJk eta PSEk Estatuaren biktimak baztertu dituzte. Gaurko erabaki hau oso larria da; ez du bizikidetza sustatzen, ez da biktimen aitortzaren aldeko urratsa, erabaki alderdikoi hutsa da, memoria politikak hartzen ari diren norabide okerraren beste froga bat”.

Estatuaren biktimak kanpo uzteko erabakiak “Gogoraren sinesgarritasuna bera kaltetzen” duela ohartarazi ostean, Arzuagak iragarri du EH Bilduk erakunde horretan duen presentzia berraztertuko duela. “Gaurko erabakiak eta azken egunetan entzuten ari garen beste diskurtso batzuek Gogoran izango dugun jarrera eta presentzia birplanteatzera garamatzate”.

Ezker subiranistako legebiltzarkideak Estatuaren biktimek sistematikoki pairatzen duten diskriminazioa salatu du, “hiru aldiz direlako biktima: lehenik eta behin, bortizkeriaren biktimak; bigarrenez, inpunitatearen biktimak, eta orain,  hirugarrenez, diskriminazioaren biktimak dira, bigarren mailako biktimak, instituzio ofizialetatik kanpo utzita”.