AKTUALITATEA


| 2024-09-23 09:28:00

EH Bilduko legebiltzarkide Amancay Villalbak garraio sare publikoa indartzearen alde egin du gaur Legebiltzarrean, Mugikortasun Jasangarriko sailburuaren agerraldian. Auto pribatuaren erabilera murriztea helburu, Villalbak “alternatiba erreala, eraginkorra eta erakargarria” izango den garraio sare publiko bat aldarrikatu du, eta horretarako deskontuak mantendu beharra defendatu du, “garraio publikoaren erabileran prezioak eragin nabarmena duelako eta azken bi urteetan aplikatu diren deskontuek garraio publikoaren erabiltzaileen kopurua igotzea ekarri dutelako”. Hori dela eta, “beharrezkoa da deskontuei eustea eta tarifa-sistema progresibo baten alde egitea, errenta eta garraio publikoaren erabilera maila kontuan izanda”.

Horrekin batera, EAEko garraio sare publiko osoan “txartel bakar bat, ordainketa bakarreko sistema”, ezartzeko eskatu du, neurri horrek “garraio publikoaren erabilera erraztu eta sustatzeko” balioko duelakoan. Finean, azaldu duenez, EH Bilduk “mugikortasun eredu jasangarria, segurua eta osasungarria” defendatzen du, oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei lehentasuna emango diena.

Villalbak aldiriko trenen transferentziak ematen dituen aukerei ere erreparatu die eta, horren haritik, Araban aldiriko tren zerbitzu bat martxan jartzeko apustua berretsi du, Miranda-Gasteiz-Altsasu ardatzean. “Proiektu horretan bai abiadura behar dela, aitzakiarik gabe. Eremu horretako udalak eta Arabako Batzar Nagusiak proiektuaren alde agertu dira; beraz, Jaurlaritzak hori bultzatzeko borondate politikorik ote duen jakitea besterik ez da falta”.