AKTUALITATEA


| 2024-09-23 14:53:00

EH Bilduk Paco Etxeberria Gabilondo auzitegi-medikua eta Pilar Garaialde Salsamendi Estatu terrorismoaren biktima proposatu ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseilurako. Erakunde horren legearen arabera, Legebiltzarrak bost kide independente izendatu behar ditu organo horretan, “memoriaren sustapenean eta askatasun zibikoen eta bizikidetza demokratikoaren printzipioen defentsan ospe handia duten pertsonen artetik”. Bada, hauteskundeetan jasotako emaitzen arabera dagokion ordezkaritza kontuan hartuta, EH Bilduk bi hautagai proposatu ditu, betiere biktima guztiak aitortzearen eta memoria inklusibo baten alde. Bozketa etzi egingo da, Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean.

Paco Etxeberria Gabilondo auzitegi-medikua da eta ibilbide luzea du giza eskubideen defentsaren alorrean, bai eta sari ugari irabazi ere. Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kidea da 2015az geroztik eta, besteak beste, Auzitegiko Medikuntzako irakaslea da EHUko Kriminologia Institutuan 1985-86 ikasturtetik.

Pilar Garaialde Salsamendi Estatu terrorismoaren biktima da, 1982an Triple A eskuin muturreko taldeak erahildako Paulo Garaialderen alaba. Garaialdek taxilari bezala lan egiten zuen Alegian, 1982ko urtarrilaren 1ean desagertu zen eta biharamunean bere gorpua aurkitu zuten Berastegin, bi tiro zituela. Bi egun geroago, Triple A taldeak bere gain hartu zuen atentatua, eta hilabete eskasera, otsailaren 2an, Tolosako epaitegiak kasua artxibatu zuen, ia ikertu gabe.