AKTUALITATEA


| 2024-09-25 16:24:00

EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bati jarraituz, koalizio abertzaleak eta Jaurlaritza sostengatzen duten talde parlamentarioek, EAJk eta PSEk, akordioa lortu dute Osakidetzako Pertsonal arloko politika eraldatzeko. Hiru talde sinatzaileek erdietsitako akordioa bihar, osteguna, bozkatuko da Legebiltzarrean. Adostutako erdibidekoan Osasun Sailari eskatzen zaio egungo LEP-Lan Eskaintza Publikoak finkatzeko prozesuak amaitzeko eta, oposizio prozesu horiek azkar ebazte aldera, kudeaketa hobetzeko neurrietan sakontzeko.

Era berean, EH Bilduk, EAJk eta PSEk mahai sektorialean Osakidetzako langileei egonkortasun handiagoa emango dieten formulak jorratzeko eta Lan Eskaintza Publikoen deialdien egungo eredua berrikusteko eskatzen diote Osasun Sailari.

Osakidetzako ESI bakoitzean dauden asistentzia-premiak eta beharrezko estalduren balorazioa egitea da gobernukideen eta EH Bilduren artean adostutako beste puntu bat. Ildo horretan, eskatzen da ESI bakoitzeko plantilla antolatzea zentro bakoitzaren errealitatea aintzat hartuta, eta hori ordezkaritza organoekin lankidetzan egitea.