AKTUALITATEA


| 2023-01-26 12:07:00

Legebiltzarra bere ohiko funtzionamendura itzuliko da datorren astean, eta EH Bilduk talde bilera egin du gaur “azken asteotan landu ditugun ekimenak eta proposamenak bidean jartzeko eta hemendik aurrera egin beharreko urratsak aztertzeko”, Maddalen Iriartek azaldu duenez. Bozeramaileak zehaztu du zein izango den datozen asteotan koalizioaren jarduera parlamentarioa ardatz nagusia, “osasun sistema publikoa indartzea eta gero eta nabarmenagoak diren bere gabeziak konpontzea”, hain zuzen ere.

Iriarte kezkatuta agertu da Osakidetzaren egoerarekin, “Jaurlaritzak berak mediku eta erizainen jubilazioei buruz, itxaron zerrendei buruz edota prozedura kirurgikoen atzerapenei buruz emandako datuek argi uzten baitute nolako tamaina hartzen ari den Osakidetzaren gainbehera”. Erantsi duenez, “argi uzten dute Osakidetzan bestelako politikak behar direla, osasun sistema dagoen bezala dagoelako, gero eta okerrago, urteetako politika txarren eta planifikazio faltaren ondorioz”.

Hori dela eta, EH Bilduk hainbat ekimen bideratuko ditu batzordeetan zein osoko bilkuretan Osakidetzan “edonork ikus ditzakeen arazoak konpontze bidean jartzeko”. Adibidez, azaldu du Iriartek, “itxaron zerrendak murrizteko, arratsaldeko txandak ezarri eta eskualdeko ospitaleak eta unibertsitarioak koordinatu beharko ditugu, bai eta kontratazio eredua aldatu ere, plantilla estrukturala indartu eta baldintza profesionalak erakargarriagoak izan daitezen”.

MIR sistemaren gaineko eskumenaren transferentzia ere eskatuko du EH Bilduk. “Datozen hiru urteotan Osakidetzan 2.300 mediku eta erizain inguru jubilatuko dira, eta horrek planifikazioa eta bestelako Pertsonal politika bat eskatzen ditu; horretan MIR sistemaren eskumena edukitzeak asko lagunduko luke erreleboa ahalik eta hobekien antolatu ahal izateko”.

Maddalen Iriartek Donostialdea ESIko gatazka ere aipatu du. “Horren jatorrian eta muinean –esan du– Osakidetzan gaur egun aplikatzen den gobernantza eredua dago, erabakiak profesionalen iritzia kontuan hartu gabe inposatzen dituen gobernantza eredu bertikala, alegia. Eredu hori da ezinbestean aldatu behar dena”. Helburu horrekin, EH Bilduk mozio bat eramango du datorren astean urteko lehenengo plenora “gobernantza eredu horizontal baten alde, Donostialdean ez ezik, gainerako ESI guztietan ere hartu beharreko erabakiak profesionalekin kontrastatuak eta adostuak izan daitezen, ESIek autonomia handiagoa izan dezaten, izendapenak egiteko prozesuak alda daitezen, karguak irizpide profesionalen arabera bakarrik esleitzeko, irizpide politikoak alde batera utzita. Izan ere, gobernantza eredua aldatzen ez bada, Donostiakoa bezalako gatazkak berriz gertatuko dira Gipuzkoan bertan, Bizkaian edo Araban”.

Halaber, Donostialdea ESIan oraindik ixteke dagoen gatazkari buruz, Iriartek iragarri du EH Bilduk espresuki eskatu diola Osasun Batzordeko presidenteari, Elena Lete EAJkoari, batzordea otsailaren 6rako deitu dezala Osakidetzako zuzendaritzak kargutik kendu zituen bi zuzendariak, Idoia Gurrutxaga eta Itziar Perez, eta erabaki harekin ados ez egoteagatik dimisioa eman zuen zuzendariorde Adolfo Begiristain bertan ager daitezen.

Gatazkak eztanda egin zuenean, abenduan, EH Bilduk haien agerraldiak eta Gotzone Sagardui sailburuarena eskatu zituen, “argi geneukalako garrantzitsua zela bi aldeen bertsioak ezagutzea”. Hala ere, salatu du Iriartek, “EAJk eta PSEk zuzendarien agerraldiak galarazi zituzten orduan, eta orain ikusten ari gara agerraldi horiek oztopatzeko eta ‘sine die’ atzeratzeko intentzioa dutela. Ez dute nahi kargutik kendu zituzten zuzendariek Legebiltzarrean azaltzea zer gertatu den eta zer gertatzen ari den Donostialdean, baina jakin behar dute ez dagoela gatazka hori konpontzerik Legebiltzarrean alde baten ahotsa isilarazten bada”.