AKTUALITATEA


| 2025-09-03 10:10:00

EH Bilduk Bingen Zupiria (Segurtasuna), Ibone Bengoetxea (Kultura, Euskara eta Kirola) eta Mikel Torres (Ekonomia, Lan eta Enplegua) sailburuen agerraldiak eskatuz ekin dio urte politikoari Legebiltzarrean. Eraitz Saez de Egilazek azaldu duenez, “udak zenbait irakaspen eta galdera utzi dizkigu; izan ere, badira herri honen zati honetan hainbat korapilo eta arazo, zeintzuen arduradun politikoak Jaurlaritzako sailburuak diren”.

Zehazki, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Ertzaintzaren Akademiako zuzendariak zein Administrazio eta Zerbitzuen arloko zuzendariak dimisioa eman dutela uda honetan, euskararen arkitektura juridiko-politikoa higatzen eta orain arteko gutxieneko adostasun sozialak zapuzten ari den oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa areagotzen ari dela eta, azkenik, Gobernu Kontseiluak bizkarra eman diela pentsio baxuak gutxieneko soldataraino igotzeko herri ekimen legegilea babestu duten 145.142 herritar eta pentsiodunei, milaka pentsiodunek, bereziki emakumeek, pairatzen duten prekarietatea bere horretan uztea ekarriko duen akats larria dena.

Saez de Egilazeren iritziz, Zupiriak, Bengoetxeak eta Torresek kontu horien inguruko azalpenak eman behar dituzte Legebiltzarrean, “sinetsita baikaude ikasturte politiko honetan herri honen erronken tamainako politika publikoak eta eraldaketak martxan jartzeko aukerak baditugula. EH Bilduren lana norabide horretan zentratuko da, erantzukizunetik Gobernuari egitea dagokigun kontrol eta fiskalizazio lanaz gain”.