EAJk eta PSEk aurkeztutako etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren arloko presako neurrien lege proposamenaren tramitazioaren baitan, gaur amaitu dira Legebiltzarrean adituen eta eragileen agerraldiak, proposamen horren inguruko iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera eman dietenak. Legearen tramitazioaren lehenengo fase hau bukatuta, Xabier Astigarraga EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, “agerian gelditu da, oro har, EAJren eta PSEren lege proposamenak merkatuak gidatutako garapen ereduan gehiago sakontzea dakarrela, nahiz eta merkatuaren dinamika bera izan den egungo larrialdi egoerara ekarri gaituena. Itxaropen guztiak etxebizitza berrien jartzen dituzte, bestelako neurriak alboratuz. Kontrarreforma bat planteatzen dute, eta ez da hori etxebizitza larrialdiak eskatzen duena”.
Kritikak, gogorarazi du, Astigarragak “askotariko esparruetatik iritsi dira, herri mugimendutik, sindikatuetatik, akademiatik, bai eta sektoreko profesionalen aldetik ere”. Azaldu duenez, “agerraldietan argi geratu da EAJren eta PSEren lege proposamena interes pribatuetan pentsatuz idatzi dela, herritarren etxebizitza eskubidea bermatzean baino gehiago, sustatzaileen errentagarritasuna bermatzea bilatzen duelako. Hala, legeak babes publikoko etxebizitza gutxiago eraikitzea ahalbidetuko du, krisi une honetan ahalik eta etxebizitza babestu gehien egin beharko genituzkeen arren”.
Halaber, EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu du gobernukideen lege proposamenak “ez dituela urratsak ematen alokairuzko etxebizitza parke publiko handi bat sortzeari begira, datozen urteotan Jaurlaritzaren erronkak horixe izan beharko lukeenean”.
Legea tramitatzeko forma ere kritikatua izan da agerraldietan, “Legebiltzarrera lege proposamen gisa ekarrita, Gobernuaren lege proiektu bezala ekarri ordez, EAJk eta PSEk eztabaida ekiditea eta berme juridikoak ahultzea bilatu dutelako”. Horren ildotik, Astigarragak salatu du “ez dela udalen iritzia kontuan hartu, legeak udalengan eragin handia izango duen arren; harrigarria da Eudelen ekarpenik jaso ez izana, edota EGK-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren partaidetzarik egon ez izana”. Horrek, erantsi du, “arkitektura instituzionalaz eta gobernatzeko ereduaz hausnartzeko ere eman beharko luke”.