EH Bilduk ekimena hartu du Legebiltzarrean, Jaurlaritzari eskatzeko Gasteizko lorezainen greba eskubidea berma dezala eta neurriak har ditzala bertako Udala langile ororen funtsezko eskubide hori urratzeko hartzen ari den erabakien kontra. Pazis Garcia legebiltzarkideak galdera sorta aurkeztu du, Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuarentzat, lorezainen grebaren kasuan Jaurlaritza egiten ari den kontrola argitzeko.
Gasteizko lorezainek jada sei hilabete bete dituzte greban, gogorarazi du Garciak, eta “Gobernuak ekainean ezarri zituen gutxieneko zerbitzuak lan iraunkor bihurtu” direla salatu du, “greba eskubide legitimoaren ondorioak mugatzea baita zerbitzu horien helburu nagusia, eta enpresa, Enviser, horretaz baliatzen ari da langileen greba eskubidea urratzeko”.
Egoera horren azken kapitulua aste honetan bertan gertatu da, Udalak beste enpresa bat kontratatu baitu Olarizuko zelaiak lisatzeko, datorren astelehenean egitekoa den erromeria normaltasunez ospatu ahal izateko, lorezainak greban egongo ez balira bezala. Lan Ikuskaritzak Udalak kontratatutako lan horiek geldiarazi zituen, eta Pazis Garciak horren inguruko azalpenak eskatu dizkio Torres sailburuari, argitu dezan zer nolako neurriak hartu dituen gutxieneko zerbitzuen gehiegizko edo iruzurrezko erabilera saihesteko. “Torresek argitu behar du ea Jaurlaritzak, gutxieneko zerbitzuen aitzakiapean, baimendu dituen Udalak Olarizun kontratatu dituen lanak; ea Jaurlaritzak uste duen erromeria batek langileen greba eskubidea gutxieneko zerbitzuen bidez mugatzea justifikatu dezakeen”.