EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Jaurlaritzari eskatzeko Osasun Publikoaren Legea behar bezala bete dezala eta, beraz, Osasun Publikoaren Euskal Institutua abian jarri behar duen dekretua lehenbailehen onar dezala. Izan ere, Rebeka Uberak azaldu duenez, Legebiltzarrak 2023ko azaroan onartu zuen lege hori, Osasun Publikoaren Institutua dekretu bidez abian jartzeko 18 hilabeteko epea ezarri zuena, “baina epea amaitu da eta dekretu horren zain gaude oraindik”, salatu du legebiltzarkideak.
“Atzerapen hau ezinegona sortzen ari da gainera Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren baitan aritzen diren langileen artean”, ohartarazi du Uberak, “Institutuak bere gain hartuko dituen eginkizunekin bat datozen edo horiekin lotuta dauden funtzioak betetzen dituzten funtzionarioak, bitartekoak edo karrerakoak, eta lan-kontratuko langileak, Institutuan integratu beharko direlako, orain arteko baldintzak mantenduta”.
EH Bilduko legebiltzarkideak Institutua sortzearen garrantzia azpimarratu du, “bere eginkizun nagusiak osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea izango baitira, sustapena eta prebentzioa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak orain arte apenas garatu dituenak, alegia”.
Osasun Publikoaren Institutua abian jartzeko dekretua premiaz onartzea ez ezik, EH Bilduren proposamenak erakunde berri horren eta Osakidetzaren arteko elkarlanean sakontzea ere eskatzen du; horretarako, “dekretuak Euskal Sektore Publikoa osatzen duten erakundeen arteko mugikortasun intra-administratiboa errazteko neurriak jaso behar ditu”, Uberak erantsi duenez.
Halaber, Institutuaren antolaketa-egitura indartzeko eskatzen dio Osasun Sailari, “ESI bakoitzean osasun publikoko diziplina anitzeko ekipoak ezarriz, sustapen, prebentzio eta esku-hartze komunitarioak garatzen laguntzeko, lehen mailako osasun zein udal zerbitzuekin, eragile sozialekin eta orientazio zerbitzuekin elkarlanean”. Horrek, azaldu du Uberak, “udal eta eskualde mailan osasun planak eta estrategiak diseinatu eta garatzea ahalbidetuko luke, tokian tokiko ezaugarriak eta berezitasunak kontuan hartuta”.