Osakidetza indartzea da itxaron zerrendak murrizteko bidea, ez pazienteak klinika pribatuetara bidaltzea


| 2023-09-21 12:24:00

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Osakidetzako itxaron zerrenden arazoari heldu dio gaur Legebiltzarrean, eta ohartarazi du arazo horren konponbidea ezin dela izan pazienteak klinika pribatuetara bidaltzea, osasun sistema publikoa indartzea baizik. Osasun Sailak Legebiltzarrari igorritako datuen arabera, ia 26.000 pertsona daude ebakuntza baten esperoan eta, gaurko albisteen arabera, Osakidetzako zuzendaritzak zentro pribatuetara are paziente gehiago bidaltzeko agindua eman du, itxaron zerrendak murrizteko asmoz. Uberaren iritziz, planteamendu horrek “publikoa behar den zerbitzua pribatizatzen du praktikan”, eta, nagusiki, “klinika pribatuen negozioa handitzeko balio du”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen irudiko, Osakidetzak bide hori hartu du Urkulluren urgentzia elektoralek bultzatuta, “bera ere ohartzen delako egungo egoera onartezina dela eta herritarrek Osakidetzaz duten iritzia gero eta okerragoa dela”. Uberak esan duenez, “tamalez, Osakidetzak gure susmoak berretsi ditu: itxaron zerrendak murrizteko duen errezeta bakarra pazienteak Osakidetzatik kanpo bidaltzea da, klinika pribatuetara bidaltzea”.

EH Bilduk, berriz, argi du “hemen benetan balio duen konponbidea sistema publikoa indartzea dela, bai guk, bai Osakidetzako profesionalek behin eta berriz eskatu eta proposatu dugun moduan”. Horren haritik, Uberak azpimarratu du “pazienteak sare pribatura bidalita, Osakidetzak zenbakiak txukundu ditzakeela, eta arazoa mozorrotu, baina horretan geratzen bada eta sare publikoa indartzen ez badu, sakoneko arazoak, egiturazkoa denak, bere horretan jarraituko du. Sistema publikoa ezinbestean indartu behar dugu, hori da egin behar dena, baina gobernu hau kontrakoa egiten ari da, praktikan pribatizazioaren bidea hartu duelako”.

Azaldu duenez, itxaron zerrenden arazoa Osakidetzako kontratazio ereduaren ondorio da, eredu horrek behin-behinekotasuna, lan baldintza prekarioak eta, finean, profesionalen defizita ekarri dituelako. Hori dela eta, EH Bilduk kontratazio eredua aldatzeko proposamen bat ipini du gaur mahai gainean Legebiltzarrean, baina EAJ eta PSEren ezezkoa jaso du. Uberak azaldu duenez, “Osakidetzan beste kontratazio eredu bat behar dugu, Pertsonal politika erakargarri bat, egonkorra, planifikatua eta iraunkorra, profesionalak gure osasun sistema publikoan atxikitzeko eredu erakargarri bat, prestakuntzaren ibilbideari lotua, ekipo batean txertatua eta egonkortua eta ikerketarako denborarekin”.