AKTUALITATEA


| 2025-02-26 12:28:00

Legebiltzarrak Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Plana du gaur eztabaidagai; testuinguru horretan planari buruzko irakurketa kritikoa egin du EH Bilduk, “anbizio gutxi erakusten duelako mugikortasun jasangarria bultzatzeko”, Amancay Villalbak salatu duenez. “Neurri zehatzagoak behar ditu, eta planteatzen dituen helburuak ez daude mugikortasunaren arloan garraio publikoa bultzatzeko egin beharreko eraldaketek eskatzen duten mailan”.

Hala eta guztiz ere, ahal den neurrian behintzat plana hobetzeko asmoz, EH Bilduk EAJ eta PSErekin adostu du Jaurlaritzaren dokumentuak genero ikuspegia aintzat hartuko duela, txirringaren erabilera sustatuko duela eta Emisio Gutxiko Eremuak 25.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietara hedatuko dituela, udalek hala erabakiz gero bakarrik.

Mugikortasun Planean genero ikuspegia txertatzeari dagokionez, Villalbak gogorarazi du emakumeak direla garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak, eta, hortaz, garrantzitsutzat jo du Gobernuak genero ikuspegia kontuan hartzea garraio zerbitzuen diseinuan eta planifikazioan, EAJ eta PSErekin adostu bezala.

EH Bilduren ekarpenei esker ere, Jaurlaritzak bizikletaren erabilera sustatuko du, bizikletaren eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea funtsezkoa baita ibilgailu pribatuari protagonismoa kentzeko. Hala, EAJ eta PSErekin sinatutako erdibidekoetan Jaurlaritzari eskatzen zaio geltokietan bizikletentzako aparkaleku seguruak egin ditzala eta laguntzak eman ditzala txirringak eta emisio gutxiko autoak erosteko.

Hirugarren puntu bat ere adostu du EH Bilduk gobernukideekin: Jaurlaritzak udalei laguntzea Emisio Gutxiko Eremuak 25.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietara pixkanaka hedatzeko, udalek hala erabakiz gero bakarrik.

Akordioetatik kanpo geratu dira, ordea, garrantzi handiko bestelako gaiak, EAJk eta PSEk onartzeari uko egin diotenak. “Oso zaila da ulertzen zergatik bota duten atzera txartel bakarreko tarifa sistema, erabilera eta errentaren araberako deskontuekin, garatzeko egin dugun proposamena; hori garraio publikoaren erabiltzaileen eskari nagusietako bat da, eta eragin positibo handia izango luke, zalantzarik gabe, garraio mota hori sustatzeko”.

Aldiriko trenak hobetzeko proposamena ere atzera bota dute gobernukideek. Amancay Villalbak adierazi duenez, “hobekuntzak eskatu ditugu Miranda-Gasteiz-Altsasu-Iruñea ardatzean, Beasain-Zumarraga-Legazpi tartean eta Bilbo-Balmaseda-Karrantza linean, baina EAJk eta PSEk ez dituzte aintzat hartu, AHTrekin itsututa daudelako; haientzat trenaz hitz egitea Abiadura Handiko Trenaz hitz egitea da, hori da haien apustu bakarra, eta horrek aldiriko zerbitzuak abandonaturik egotea ekarri du”.

Bestetik, Bilboko portuarekin lotuko den Hegoaldeko Trenbide Saihesbidean moratoria bat aplikatzea proposatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “proiektu hori, gaur egun definituta dagoen bezala, beharrezkoa ez delako garraioaren iraunkortasunaren ikuspegitik”.

Bilboko Metroari buruz, L4 eta L5 lineak garatzeari lehentasuna emateko eskatu du Villalbak, lehenengoan konexioa Moya plazan eginda, eta, bigarrenean, Usansoloko geltokia herrigunean kokatuta.

Aireportuen planifikazioari ere erreparatu dio ezker subiranistak. “Gaur egungo ereduari herri ikuspegia falta zaio, Loiu, Foronda eta Hondarribia bakoitza bere aldetik jarduten delako; eredu hori berrikusi behar da, eta Jaurlaritzak plan zuzendari bat egin beharko luke ‘aireportu bakarra, hiru terminal’ printzipioaren arabera. Halaber, aliantzak sortu behar dira Hondarribiako eta Miarritzeko aireportuen artean”.