AKTUALITATEA


| 2025-04-11 11:03:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskatzeko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean definitu zen Euskal Itun Soziala garatzeko prozesua martxan jar dezala eta, beraz, herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duten prozesuak diseinatu eta bultzatu ditzala. Izan ere, Ander Goikoetxeak osoko bilkuran Industria sailburuari gogorarazi dionez, “klima politiken onarpen soziala ezinbestekoa da trantsizio ekosozialean aurrera egiteko, baina bistakoa da alde horretatik ez goazela ondo, energia berriztagarrien hedapenei dagokienez, ehunka proiektu modu guztiz desordenatuan hedatzea erasotzat hartzen baita gizartean, eta askotan ez zaio arrazoia falta”.

Hori dela eta, Goikoetxeak mozio bat aurkeztu du, “gure zibilizazioak behar duen trantsizio ekosozialean aurrera egiteko” bide horretan herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean adostu bezala.

Zehazki, EH Bilduko legebiltzarkidearen mozioak Jaurlaritzari eskatzen dio aipatutako lege horretan aurreikusi zen Itun Soziala garatzeko prozesua martxan jar dezala. Batetik, mahai bat sortzea proposatzen du, bertan herri ordezkaritza zabal baten parte-hartzea ahalbidetzeko: alderdi politikoak, sindikatuak, talde ekologistak. Goikoetxearen aburuz, BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroak hartu beharko luke mahai hori dinamizatzeko ardura, “esparru horretan dugun organo zientifiko nagusia den heinean”.

Halaber, herritarren batzarrak ere sortzea planteatzen du, “itun sozialaren garapenari jarraipena egiteko, eztabaida marko independente bezala”. Proposamenaren arabera, “bi prozesu paralelo hauek Euskal Itun Soziala elikatuko lukete, eta itun horrek legean ezarritako helburuak lortzeko gomendioak jaso beharko lituzke, arreta berezia jarriz energia berriztagarriak hedatzeko nahiz kontsumo energetikoa murrizteko irizpide, neurri eta politiketan”. Gainera, akordio honek Lurralde Plan Partzialen berrikuspena ekarri beharko luke, elikadura, industria, mugikortasuna, klima aldaketarako egokitzapena eta energia azpiegituren kokapenak ordenatuko lituzkeena, eskualde eskalan.