AKTUALITATEA


| 2025-04-10 12:10:00

EH Bilduk harriduraz eta kezkaz jaso du Alfonso Arriolaren izendapenaren albistea, erabaki horrekin Jaurlaritza inpunitatearen mezu bat bidaltzen ari zaiolako gizarteari. Izan ere, Justiziak Arriola kondenatu zuen prebarikazio delitu batean parte hartzeagatik, De Miguel auziaren testuinguruan; zehazki, lau urteko inhabilitazio zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak, baina hori ez da oztopo izan, Gobernuaren ustez, Arriolak Administrazio Publikoan lanean jarraitzeko eta, areago, orain Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egituran mailaz igotzeko, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak basogintzako produktuak eraldatzeko edota merkaturatzeko inbertsio handietarako laguntzen Balorazio Batzordeko presidente izendatu baitu.

EH Bilduren irudiko, “ulertezina da Arriolaren curriculuma duen pertsona bat, prebarikazioagatik kondenatua izan den pertsona bat, laguntza publikoen banaketaz erabaki behar duen batzorde baten buru izendatzea; ulertezina bezain onartezina, halako erabakiek inpunitatearen sentsazioa hedatzen dutelako gizartean. Zer pentsa dezake jendeak horrelakoak ikusten dituenean? Ba agintean dauden alderdiek ustelkeria toleratzen dutela kondenatuak euren kideak direnean, eta toleratu baino gehiago, kondenatuei babesa ematera eta promozionatzera ere iristen direla”.

Hori dela eta, EH Bilduk Arriolaren izendapenaren inguruko azalpenak eskatuko dizkio Jaurlaritzari Legebiltzarrean, hurrengo kontroleko osoko bilkuran, eta gaur bertan Lamia Arcas legebiltzarkideak informazioa eskatuko dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuari, argi dezan zein diren Arriola mailaz igotzeko izan dituzten arrazoiak eta justifikazioak.