Pasa den ostegunean EH Bilduk proposamen bat eraman zuen Legebiltzarreko osoko bilkurara, Jaurlaritzak azterketa bat egin zezan gazteen ondoez psikologikoaz, lan-prekarietatea edota etxebizitza bat eskuratzeko arazoak areagotzen ari baitira fenomeno sozial hori. EAJk eta PSEk atzera bota zuten orduan proposamena; gaur, aldiz, arazo horri heltzeko eta EH Bilduk eskatutako azterketa egiteko beharra onartu dute eta, hala, Legebiltzarrak, astebete berandu bada ere, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateekin lankidetzan gazteen ondoez psikologikoa azter dezala eskatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, Edurne Benito EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, “ikasle bat, gazte bat, ibilbide propio bat garatzen hasten denean, presioz betetako bidea izaten da, eta horrek –faktore asko tartean, hala nola ikasketa-prozesua, lan-prekarietatea eta emantzipatzeko ezintasuna– ongizate emozionalean eragiten du”.
Hori dela eta, Benito pozik agertu da, gaurkoa urrats bat delako Jaurlaritzak fenomeno sozial hori erdigunean jarri eta ikusgarritasuna eman diezaion, orain arte utzikeria handia erakutsi duelako, eta horrek arazoa areagotu baino ez du egin.
Benitok, hala ere, EAJk eta PSEk erakutsi duten jarrera kritikatu du, iragan astean ukatu zuten arazoa gaurkoan aitortu dutelako, haiek aurkeztutako testu bat onartuz eta akordio zabal bat lotzeko aukera oro baztertuz. Finean, “EH Bilduren ekimen bat ezkutatu nahian, egiteko modu kontserbadoreak eta erabak alderdikoiak praktikan jarri dituzte, gizartean desafekzioa sortzen duen politika konbentzional horretatik atera ezinik. Jarrera hori, penagarria eta lotsagarria izateaz gain, arduragabekeria galanta da, alderdi interesak lehenetsi eta, EH Bildu zokoratu nahian, noraez estrategikoa erakusten ari direlako. Guretzat, ordea, gazteen ongizatea da lehentasuna, eta horregatik babestu dugu EAJ eta PSEren zuzenketa, EH Bilduk bultzatuta, Gobernuari gazteen ondoez psikologikoari buruzko azterketa bat eskatu diona”.