AKTUALITATEA


| 2025-04-15 10:13:00

EH Bilduk Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuaren premiazko agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, bertan argitu dezan zein izan den Jaurlaritzaren jokabidea Udal Legea euskararen arloan garatzen duen dekretuari buruzko auzi juridikoan. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak dekretu horren hainbat artikulu baliogabetu zituen 2023an, udaletan euskara ohiko hizkuntza izatea ahalbidetzen zutenak, alegia, eta orain, iragan astean iragarri bezala, Auzitegi Gorenak ere baliogabetu ditu, Jaurlaritzak epez kanpo aurkeztu zuelako erabaki horren aurkako helegitea.

Josu Aztiria legebiltzarkideak azaldu duenez, “Jaurlaritzak dekretuaren defentsa egingo zuela esan zuen, baina helegitea ez zuen garaiz aurkeztu eta, ondorioz, baliogabetutako artikuluak atzera bota izana ontzat eman berri du Auzitegi Gorenak. Autogobernuaren eta euskararen biziberritze-prozesuaren aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko betean, geure erakunde publikoek eta hizkuntzak berak inoiz baino segurtasun juridiko eta babes handiena behar dutenean, larria eta ulertezina da Jaurlaritzak Udal Legearen defentsarako oinarrizko prozedura judizialak ez betetzea eta epez kanpo aurkeztea egoera honetan hain garrantzitsua zen helegitea”.

Aztiriak premiazkotzat jo du, beraz, sailburuak azalpenak ematea, “Gobernuak arduragabe eta zabar jokatu duelako, EAEko Udal Legearen eta autogobernuaren defentsa egoki ez egiteagatik eta euskara udaletan ohiko hizkuntza izateko gutxieneko defentsa juridikoa ez egiteagatik”. Horren ondorioa izan da Gorenaren ebazpena, udalei euskaraz jarduteko aukera ematen zieten artikuluak baliogabetu dituena, eta “erabaki horrek EAEko udal guztiak eta beren herritarrak kaltetuko ditu, bereziki euskara nagusi den eremuetakoak, eta, era berean, euskararen biziberritze prozesurako eta administrazioen euskalduntzerako oso erabaki kaltegarria da”.