AKTUALITATEA


| 2023-05-11 13:51:00

Etsigarria. Horrela definitu du Mikel Oterok Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren hasierako onarpena, plan horrek ez duelako balio ustez eduki behar duen helburu nagusia lortzeko. Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, inkoherentziak, kontraesanak eta arbitrariotasunak etengabeak dira dokumentuan zehar, eta horrela ez dago berriztagarrien arloan gaur egun dagoen hedapen desordenatua konpontzerik. Are gehiago, “anabasa areagotzeko arriskua” dagoela ohartarazi du Oterok. “Dagoen bezala, Plan Sektorial honek ez du berriztagarrien hedapen desordenatua galaraziko; hobekuntza asko behar ditu, beraz, onargarria izateko”.

Jaurlaritzak onartu duen Plan Sektorialak, azaldu du Oterok, proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak eskala edo tamainaren arabera sailkatzen ditu, baina eskala handikoak bakarrik zehazten ditu, tamaina txikia edota ertaina dutenen garapena beste plan eta arau batzuen menpe utzita. Horrek dakar, adibidez, egun tramitatzen ari diren 16 parke eolikoetatik zazpi Plan Sektorial honen “fokutik kanpo” geratzea, Gobernuak horietan ere lurraldearen antolamenduaren aldetik izan beharko lukeen funtzioa betetzeari uko egiten diolako.

Ulergaitza da, halaber, Plan Sektorialak parke eoliko gehienak proiektatzea non eta Plan Sektorialaren beraren arabera gaitasun edo egokitasun txikikoak diren eremuetan. Inkoherentzia horri buruzko azalpenak ere eman beharko ditu Jaurlaritzak.

Tamainaren araberako sailkapenari dagokionez ere, EH Bilduren ordezkariak kontraesanak eta arbitrariotasunak ikusten ditu: “Hiru megavatioko proiektu fotovoltaiko bat eskala handikoa da Bizkaian eta Gipuzkoan, baina tamaina bera duen beste proiektu bat eskala txikikoa da Araban. Horrek ez du inolako zentzurik eta ondorio argi bat dakar, parke fotovoltaiko ia guztiak Arabako Lautadan planteatzea, alegia, eta desoreka hori ez da bidezkoa”.

Esklusio eremuei buruz, Oterok ontzat jo du Plan Sektorialak nekazaritza-balio handiko lurrak eremu horietan sartzea, baina, ohartarazi duenez, Urkulluren Gobernuaren kontraesana agerikoa da. Izan ere, plan horretan Jaurlaritzak balio handiko lur horiek esklusio eremutzat jotzen ditu, baina aldi berean Jaurlaritza bera ari da hiru proiektu fotovoltaiko (Vitoria Solar 1 eta 2 eta Ekienea) sustatzen lur horietan Araban. Kontraesana bistakoa da.

Oro har, beraz, Plan Sektoriala “berandu eta gaizki” iritsi da, eta, Oteroren iritziz, “oso-oso zaila izango da legealdia amaitu aurretik behin betiko onartzea, Gobernua ez delako horretarako beharko ziren epeak betetzen ari, eta hori sekulako porrota izango litzateke berarentzat”.