EH Bilduk 47 zuzenketa egin dizkio EAJk eta PSEk aurkeztutako Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Presako Neurrien Lege Proposamenari. Xabier Astigarragak azaldu duenez, zuzenketa horiek “alokairuzko etxebizitza parke publiko handi bat sortzea ahalbidetuko lukete, batetik, etxebizitza babestuetara bideratu beharreko portzentaje minimoak murriztea galarazten dugulako, eta, bestetik, portzentaje horren erdia alokairu sozialera bideratzeko obligazioa ezartzen dugulako. Une honetan hori da lehentasuna, alokairuzko etxebizitza babestuen parke handi bat sortzea”. Izan ere, “azken lau-bost urteotan alokairuzko 2.500 etxebizitza babestu eraiki dira, baina Etxebiden 80.000 inguru dira alokairu babestu bat eskatzen ari diren herritarrak. Desoreka bistakoa da”.
Horren ildotik, Astigarragak “eskaintza eskariari egokitu beharra” azpimarratu du. “Etxebizitza merkea sortu behar da, herritarren gaitasun ekonomikoetara egokitzen dena, eta EAJren eta PSEren proposamenak ez du egiten. Gure helburua, ordea, hori da; horregatik diogu lehentasunezkoa dela alokairuzko parke publiko handi bat sortzea, errealitateak argi erakusten duelako gaur egun lehen etxebizitza eskuratzeko beharra duten hamar pertsonatik zortzi ezin direla etxebizitza-merkatu librera sartu, ez jabetzan, ez alokairuan”.
Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu du gobernukideen proposamenak “ez duela helburu etxebizitza parke publikoa nabarmen handitzea, ez eta sektorean interbentzio publikoa areagotzea ere. Oinarri-oinarrian, EAJk eta PSEk interes pribatuetan pentsatuz idatzi dute lege hau, sustatzaile pribatuen errentagarritasuna are handiagoa izango dela bermatzeko, eta, bide horretatik, kezkatzen gaitu Lehendakariak Etxebizitzarako iragarri zuen aurrekontu hazkundea ez ote den espekulatzaileen poltsikoetan bukatuko”.
Alokairuaren aldeko apustuaz harago, talde independentista ados dago burokrazia arintzearekin eta etxebizitzak eraikitzeko tramiteak azkartzearekin, “baina modu neurtuan, ez EAJk eta PSEk planteatzen duten modu orokortuan, horrek mota guztietako bermeak ahultzea ekarriko duelako, eta hori arriskutsua da, ingurumen arloan, adibidez, talde ekologistek salatu duten bezala. Tramiteak gehiegi luzatzearekin arazo bat baldin badago, konponbidea ezin da izan bermeak ezabatzea, ingurumen arloko organoak indartzea eta udalei baliabide gehiago ematea, epeak murriztu ahal izateko”.
Alde horretatik, Astigarraga epeak modu tasatuan laburtzeko proposamena egin du. Legean bi salbuespen ezartzea proposatu du zehazki, lehentasunezko jarduera gisa kalifikatutako promozioen tramiteak laburtu ahal izateko: bata, promozioak administrazio publiko batek sustatzen dituenean; bestea, promozioa pribatua izanda, etxebizitza babestuen kopurua legeak ezarritako minimoa (%75) baino handiagoa egiteko konpromisoa dagoenean.
Azkenik, udal autonomia errespetatu beharra aldarrikatu du. Bere iritziz, EAJren eta PSEren lege proposamena ez da onargarria, udalak lurzoruak Jaurlaritzaren esku uztera derrigortzen dituelako, haien autonomia urratuz. “Inposizioa ez da modu egokia udalek lurzorua Jaurlaritzaren esku utz dezaten. Udalen eta Jaurlaritzaren arteko elkarlana funtsezkoa da, eta, beraz, lurzoruak Jaurlaritzaren esku uztea baliagarria izan daiteke, baina betiere adostuta, hitzartuta, ez alde batek besteari inposatuta”.