EH Bilduk Osasun Mahaian parte hartu du gaur, eta Osasun Itunerako fase erabakigarrian sartu aurretik, berretsi du garaia dela “Osasun Sistema Publikoa eraldatzeko eta azken urteotan sartu den gainbehera egoeratik ateratzeko”, Rebeka Ubera legebiltzarkideak azpimarratu duenez. Ezker subiranistaren irudiko, Pradalesen Gobernuak orain erakutsi behar du Osakidetza eraldatzeko benetako borondatea duela, iragarpen eta titular handietatik harago. Izan ere, Uberak azaldu duenez, “hainbatetan esan dugun bezala, Osakidetzan kudeaketa eredua aldatu eta neurriak hartu behar dira, titular komunikatibo hutsetatik harago; azken aldian, ordea, titular ugari baina egiturazko neurri gutxi ikusten ari gara, eta kezkatzen gaitu”.
Mahaiaren gaurko bileran Osasun sailburuak EH Bilduren eta gainerako eragileen hainbat ekarpen jaso eta dokumentuan txertatzeko konpromisoa hartu du, horren ostean fase erabakigarrian sartu ahal izateko. “Dokumentua ez da guk idatziko genuena”, adierazi du Uberak, “eta zenbait gauza lotu eta argitu gabe geratu dira, baina partekatutako minimoen akordio bat jaso dezakeela uste dugu, eta baliagarria izan daitekeela Osasun Itunaren fase erabakigarrian sartzeko, betiere guztiok oso argi edukita hastear dagoen fase horretan nahitaezkoa izango dela debate eta gai guztiak mahai gainean jartzea, izan zerbitzuen pribatizazioa, izan ate birakariak, diagnostikoan jaso ziren lan ildoen baitan”.
Zentzu horretan, amaitu du Uberak, “orain arte bezala, EH Bilduk duen guztia emango du herri honek merezi eta behar duen Osasun Sistema Publikoa zutik jartzeko estrategiak eta neurriak mahai gainean jarri eta adosteko”.