Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak gaur goizean iragarri duen etxebizitzen eraikuntza azkartzeko Premiazko Neurriei buruzko Legea “ez doa, oro har, norabide onean”, ohartarazi du EH Bilduk. “Proposamenaren puntu batzuekin ados egon gaitezkeen arren, ausardia falta zaio, bai eta Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan izan behar duen jarrera proaktiboan sakontzea ere”, Xabier Astigarraga legebiltzarkideak adierazi duenez.
Zehazki, Astigarragak gaitzetsi egin du etxebizitza babestuak eraikitzeko derrigorrezko portzentajea %75etik %60ra jaisteko asmoa, “babes ofizialeko etxebizitzen defizita dugulako, eta legeak eskatzen dituen gutxieneko ehunekoak jaisteak are gehiago zaildu egingo duelako etxebizitza parke publikoa handitu ahal izatea; etxebizitza babestuen eskaintza publikoa automatikoki murriztuko da horrela. Etxebizitzaren arloan esku-hartze eta kontrol publikoari uko egiteak bide emango lioke interes pribatuek nahi bezala jarduteari, eta horiek erakutsi dute euren helburua ez dela herritarren ongizatea bermatzea, etekin gehiago eta gehiago metatzea baizik”.
EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Itxasoren planteamenduak “udalen gain jartzen du berriro bizitegi-krisiari alternatiba eskaintzeko ardura”, eta Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunearen existentzia bera ezbaian jartzen du, “horrelako ekimen legegileak topagune horretatik kanpo planteatzeak agerian uzten duelako Jaurlaritzak foro horrekin makillaje parte-hartzaile bat baino ez duela egin nahi izan”.
Azkenik, Astigarragak gogorarazi du “EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen portzentaje handi batean gobernatzen duela, eta lan eskerga egiten ari dela bizitegi-krisiari irtenbide bat emateko. Horren adibide dira Azpeitiko, Errenteriako eta Galdakaoko udalak eta beste asko. Krisi honi erantzuna emateko gai den indar politiko bakarra garela erakusten ari gara, beste batzuek blokeoak egiten edo beren erantzukizunak kanporatzen dituzten bitartean”.