AKTUALITATEA


| 2025-02-27 11:39:00

Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari eskatu dio unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak zein matrikulazio prozesua ezartzen dituzten arauak Eskola Mapa eguneratuz egokitu dezala, eta eguneratze hori 2022ko Hezkuntza Akordioaren eta 2023ko legearen irizpideen arabera egin dezala. EH Bilduk hala adostu du EAJ eta PSErekin, ezker subiranistaren mozio bati jarraituz.

Ikoitz Arrese legebiltzarkideak akordioaren garrantzia azpimarratu du. “Inflexio puntua izan daiteke, hasiera ematen diogulako Eskola Mapa modu kolaboratiboan berritzeko bideari. Aukera bat da orain arteko jarrerak alboratzeko eta, kogobernantzaren norabidean, hezkuntza komunitatearen, ikastetxeen, udalen eta Hezkuntza Sailaren arteko bide partekatu bat egiteko”. Izan ere, azaldu duenez, Eskola Mapa eguneratzeko orduan oinarrizkoa da funtsezko hiru printzipio betetzea: “Hezkuntza arloko eragile guztiek parte hartzea; erakunde publikoek, bereziki udalek, plangintza egokia egiteko beharrezko baliabideen antolaketan parte hartzea, eta baliabideak zentzuz eta ongi erabiltzea, beharrezkoa den tokietan hobekuntzak proposatuz”.

Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Eskola Mapa tresna bat dela “hezkuntza sistema bere osotasunean arautzeko, Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren arabera, eta hori modu kolaboratiboan egin daiteke, parte hartzea sustatuz eta hezkuntza komunitatea protagonista bilakatuz, edo modu inposatuan, Lakuan erabakita eta gatazkak sortuz. Guk, EH Bildun, lehenengoaren alde egiten dugu, eta gaur urrats garrantzitsu bat egin dugu norabide horretan”.