AKTUALITATEA


| 2025-03-03 11:59:00

EH Bilduk Euskal Funts Subiranoa sortzeko estrategia argi eta zehatz bat proposatuko du ostegunean Legebiltzarrean, “globalizazioak eta azken aldian gertatzen ari diren aldaketa geopolitikoek premiazko egiten dutelako burujabetza ekonomikoa indartzea eta tresna propioak garatzea, herri gisa ditugun interes estrategikoak babesteko”, Ander Goikoetxea legebiltzarkideak azaldu duenez. “Egungo gobernantza ekonomikoa ekimen pribatuen inplikazioan oinarritzen da, baina ekimen publiko sendoago bat behar da, euskal ekonomiaren etorkizuna modu estrategiko batean kudeatuko duena”.

Oinarrizko gogoeta hori abiapuntu hartuta, EH Bilduk aintzat hartu du lehendakariak gaur aurkeztu duen finantza-aliantza. “Aliantza horren zehaztasunak ezagutu zain, begi onez ikusten dugu, EH Bildutik behin eta berriz aldarrikatu dugun norabidean doalako”. Zentzu horretan hain justu, koalizioak proposamen zehatz bat ipiniko du ostegunean mahai gainean, otsailean iragarri zuenari jarraituz, Euskal Funts Subirano bat eratzeko. Goikoetxearen hitzetan, “funts horrek euskal ekonomian estrategikoki garrantzitsuenak diren sektoreak babestuko lituzke, epe luzerako inbertsio publiko sendo baten bidez, eta aldi berean, euskal enpresen sorrera, garapena eta sendotzea sustatuko luke. Halaber, enpresa txiki eta ertainentzako finantzazio bide sendo bat ziurtatuko luke eta langileen ekimenezko proiektuei ere laguntza emango lieke”.

Ezker subiranistaren mozioak Funts Subiranoak izan beharko lituzkeen helburuak zehazten ditu:

  • Sektore estrategikoen babesa eta garapena, tartean industria, teknologia berriak, zerbitzu aurreratuak eta ekonomia zirkularra.
  • Euskal enpresa-sarearen sendotzea eta sustapena, bertako enpresak nazioartekotzen lagunduz eta lehiakortasuna areagotuz eta enpresa txiki eta ertainentzako mekanismo bereziak definituz.
  • Ekimen sozialeko enpresa ereduen sustapenerako inbertsio lerro egokituak ere eskaintzea.
  • Finantza publikoen erabilera eraginkorra, epe luzerako inbertsio produktibo eta estrategikoak ahalbidetuz.
  • Enpresen jabetza eta errotzea bermatzea, euskal enpresa sarea ahuldu dezaketen atzerriko espekulazio-funtsen esku-hartze bortitzak saihesteko.

EH Bilduren ustez, funts hori kudeatzeko mekanismoek “profesionalak eta gardenak” izan behar dute, betiere “interes publiko eta estrategikoak” lehenetsita eta elkarlanean oinarrituta, “funtsaren beraren eraginkortasuna eta enpresa-ehunaren garapena bermatzeko”. Alde horretatik, Jaurlaritzarekin batera, enpresari elkarteek, kooperatibek, finantza eta banku erakundeek eta sindikatuek parte hartuko lukete funtsaren kudeaketan, koalizioaren proposamenaren arabera.