AKTUALITATEA


| 2025-03-05 12:18:00

Dakarreko portuan (Senegal) harrapatuta dauden euskal atunontzien arazoa lehenbailehen  konpontze aldera, Legebiltzarrak, EH Bilduren proposamen bati jarraituz, neurriak har ditzatela eta beharrezkoak diren laguntzak bidera ditzatela eskatu die aho batez ardura duten erakundeei, Senegalgo Gobernuaren eta Europako Batasunaren akordio faltak euskal arrantzale horiei eragindako egoera eta ondorioak zuzentzeko.

Halaber, Jaurlaritzari eskatu dio jarrai dezala Dakartuna elkarteak proposatutako eta eskatutako arrantzatzeko leku berriak aurkitzeko babesa eta laguntza ematen eta, era berean, elkarteari proiektu zientifikoetan parte hartzeko aukera eman diezaiola. EH Bilduk sustatutako akordioak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari ere begiratzen dio. Hala, eskatzen zaio alternatibak bilatu ditzala Jaurlaritzarekin batera euskal atunontzientzat, eta Europako araudiak ahalbidetzen dituen bideak esploratu ditzala horretarako. Izan ere, euskal atunontziek mugatuta ikusi dute euren eraginkortasuna Senegalekiko arrantza-akordioaren inguruabar berezien ondorioz.

Naiara Fernandez Madariaga EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko akordioaren garrantzia azpimarratu du, Senegalen harrapatuta dauden arrantzaleek eta Dakartuna elkarteak berak konponbide bat behar dutelako premiaz, “euren egoera jasanezina izatera heltzen ari delako”. Azaldu duenez, “Dakartuna 2008an sortu zen eta artisau-arrantzan jardun du geroztik; arrantza mota hori egiten duten azken euskal arrantzaleak dira, baina orain egoera zail bati aurre egiten ari zaio, elkarteko lau atunontzi harrapatuta daudelako Senegalen hango Gobernuaren eta Europako Batasunaren arteko akordioa berritu ez delako. Blokeo horren ondorioz, ontziek ezin dute arrantza egin, eta horrek arazo ekonomiko handiak eragin dizkie arrantzaleei, beraien jarduera ekonomikoan derrigorrezko etena izan dutelako, baina eguneroko gastuak beren gain hartzen jarraitzen dute, eta egoera jasanezina izatera heltzen ari da”.